06 JUN. 2015 Aizkora Hiru buru eta txapel bakarra Aitzol Atutxa, Donato Larretxea eta Iñaki Azurmendi gaur, 18.00etan, Azpeitiko Izarraitzen neurtuko dira Buruz Buruko finalean. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Buruz Buruko finalak gaur jokatuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18.00etan hasita. Maila nagusian, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi eta Donato Larretxea neurtuko dira. Finala oso dotorea geratu da. Atutxa Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelduna da, eta Iñaki Azurmendi eta Donato Larretxea ere Euskal Herriko txapeldunak izandakoak dira, eta baita Gipuzkoako eta Nafarroakoak ere. Hiru aizkolari handi, adin oso ezberdinekoak, baina denak ere ikuskizun ederra eskaintzeko gai direnak. Aitzol Atutxak azkeneko lau finalak jokatu ditu, baina lauretako bat bera ere ez du lortu, eta falta zaion garaipen bakarrenetakoa eskuratzeko asmoarekin plazaratuko da. Askorentzat, gainera, bera izango da irabazteko faborito nagusia, nahiz eta finaleko gazteena izango den. Donato Larretxea izango da gaurko saioko beteranoena, baina finalean izango direnen artean txapelketa hau gehienetan irabazi duena ere bada, hiru aldiz lortu baitu garaipena. Abenduan, Arriaren aurka apustua dauka, eta ordurako ari da prestatzen, eta final hau irabazteak, berebiziko ilusioa egingo lioke. Final honetan lehen aldiz arituko dena Iñaki Azurmendi da, baina Arriarangoak ez du eskarmentu faltarik. Behin baino gehiagotan irabazi ditu Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelak, eta alde horretatik denak parekatu samar joango dira. Ikusleak emozioa nahi izaten du, eta seguruenik ere ez da horrelakorik faltako, eta ezuste handiren bat ez baldin bada, iraupen probak, azkeneko norgehiagokak, alegia, erabakiko du aurtengo Buruz Burukoa.