GARA
DONOSTIA

Itxasok bere kabuz atez atekoa eten nahi izana salatu dute

San Markoko mankomunitatearen azken batzarrean, Denis Itxaso presidenteak bere kabuz atez atekoa eteteko asmoa azaldu zuela salatu du EH Bilduk. Koalizioaren hitzetan, proposamenak sei arau-hauste suposatzen zituen, bereziki eskumenei dagokienez. Esaterako, bilketa sistemen kontratuetan aldaketak baimentzeko ahalmena hartzeko aukera.

San Marko mankomunitateak asteartean batzarra egin zuen eta, bertan ordezkaritza duten EH Bilduko kideek salatu dutenez, «Denis Itxaso bere kabuz atez ateko hondakinen bilketa eteten saiatu zen».

Koalizioak azaldu duenez, eguneko gai zerrendan «lehendakaria gaikako bilketaren kontratuaren balizko aldaketarako baimentzea» puntua erantsi zuen. Zehazki, hau da Itxasok proposatu zuena: «Mankomunitateko kide den udalen batek epe laburrean hiri hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabakiko duelakoan, Mankomunitateko batzarra kontratuaren aldaketa onartzeko organo eskuduna litzateke». Halaber, Itxasok adierazi zuenez, udalbatza berriek ordezkariak izendatu arte batzarrerako deialdirik egin ezin denez, «Mankomunitateak ezingo die hondakinen gaikako bilketaren eskaerei erantzun». Hein horretan, eta hutsune hori «betetzeko» asmoz, «kaleko edukiontzietatik hondakinak gaika biltzeko indarrean dagoen kontratuan aldaketak egin ditzan lehendakariari ahalmena ematea» proposatu zuen.

Hau da, sistemaren kontratuan aldaketak egiteko eskumena bere buruari eman nahi zion San Markoko presidentea den Itxasok, EH Bilduk salatu zuenez. Iturri berberen arabera, «teknikariek legalki horrelako akordiorik ezin dela onartu baieztatu dute», egiteak arau-hausteak ekarriko lituzkeelako besteak beste, Mankomunitateko batzarraren eta lehendakariaren eskumenei buruzkoak eta udalek hondakinen bilketaz erabakitzeko duten eskumenei buruzkoak.

Itxasok proposamenarekin aurrera jarraituz gero, koalizioak epaitegien bidea hartuko zuela ohartarazi zion. «EH Bilduko zinegotziok ez dugu gehiengorik San Markoko batzarrean –gogorarazi zuten atzo–. Beraz, guk aurkeztutako argudioak arrazoizkoak ez balira, Itxasok bazuen kontratua aldatzeko ahalmena». Ez zuen egin, ordea.

Atzo, bestalde, Itxasok baieztatu zuen zuzentzen duen Mankomunitatea Pasaiako udal berriarekin jarriko dela harremanetan edukiontzien itzulera «berme guztiekin egin dadin».

Astearteko batzarrean gertatutakoaz, alegia, EH Bilduk salatutakoaz, ez zuen hitzik esan Itxasok. Koalizioak sisteman aldaketak egiteari uko egin ziola salatu zuen soilik, arrazoia edo zergatia azaldu gabe.

Arrasaten, %77ko tasa

Bestetik, Arrasateko Udalak atzo jakinarazi zuenez, hondakinen gaikako bilketari esker, %77,7 birziklatzea lortu dute herrian. Iturri berberek gogorarazi zutenez, bi urte igaro dira eragile eta alderdi politiko gehienek hondakinen kudeaketari buruzko akordioa erdietsi zutenetik, orduan helburu gisa finkatutako %70eko bilketa gaindituz.

Erronken artean, organikoaren kalitatea aipatu du Arrasateko Udalak, «organikoa ondo bereiztea emaitza onak lortzeko», izan ere, salatu zuenez, etxebizitzen %4k organikoaren edukiontzira behar ez diren hondakinak botatzen dituzte.