J.L.
Harri-jasotzea

Lau kirolari lehian direla jokatuko da Etxauri Harria Txapelketa

Lau harri-jasotzaile arituko dira bihar, 12.30ean, Etxauriko plazan, “Etxauri” harri baldarrarekin.  136 kiloko harri traketsarekin bost minutuko txanda bana izango dute harri-jasotzaileek.

Berrikuntzen artean, Jimenez agertzen da. Avilako Arevalo herrikoa da, eta orain arte kamioiei tiraka aritu omen da. Etxaurin harriarekin ere ikusiko da. Berarekin batera, Ugartemendia, Urpe eta Eizmendi neurtuko dira txapelaren lehian.

Eizmendi eta Ugartemendia jotzen ditu faboritotzat jendeak. Pasa den urtean Eizmendik sekulako denboraldia egin zuen, Harri Handien Euskal Herrikoa eta Igeldo Harria lehiaketak irabaziz. Harri baldarrekin primeran moldatzen dela ere erakutsi du behin baino gehiagotan zarauztarrak.

Ugartemendia bera ere primeran moldatzen da, eta saio oso polita eskainiko dute, eta bazterrean utzi gabe Urpe, hura ere ahalik eta lanik onena egiteko asmoarekin joango baita. Ikusgai dago, berriz, Jimenez avilarrak zer egiten duen.