GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Peña Montañesa ukigabean «Txingorra» sortu berri dute

Bide berria Eneko Cesar, Arkaitz Iurrita eta Mikel Saez de Urabainek zabaldu dute; hain zuzen ere, maiatzaren 28 eta 29an. Sormen lana behetik egin zuten, eta 230 metroko marran progresiorako soilik 12 parabolt daude. Azken luzea, gogorrena, 7c gradukoa da.


Urteak daramatzagu esaten bide alpino berriak sortzeko Peña Montañesa eremu oso erakargarria dela. Dagoeneko, kutsu alpinoko makina bat sormen lan egin dira, baina pixkaka-pixkaka badirudi gero eta zailago dagoela hango paretetan zirrikiturik aurkitzea. Alabaina, oraindik ukitu gabeko hormen atzetik jarduten dutenek “Libro abierto” izeneko paretan (hots, antza denez, eremu hartan zabaltzeko aukera dagoen azken “oasia”) norberaren sinadura uzteko aukera paregabea dute.

Eta eskaintza hori ondo baino hobeto aprobetxatu dutenak Eneko Cesar, Arkaitz Iurrita eta Mikel Saez de Urabain ditugu. Izan ere, maiatzaren 28an eta 29an, “Txingorra” marra sortu zuten. Hori bai, hirukote horrek duen filosofiari jarraituta, behetik zabaldu zuten. Bide berria 230 metro luze da (7 luze ditu) eta luze gogorrenak, azkenak, 7c zailtasuna du.

Ez da lehen aldia hirukote horrek Peña Montañesan sormen lan bat egiteko bat egiten duena. Gogora dezagun, adibidez, iaz hamar izarreko marra bat ireki zutela: “Piztu da piztia” (8b/+, 200 m). Eta berriro ere oso estilo onean; behetik zabalduta. Zabaldu egin zuten, bai, baina oraindik luze gogorrena kateatzeko falta zen. Azkenean, pasa den apirilean bidearen sortzaileetariko batek, Cesarrek eta Iker Pouk “harribitxi” horri puntu gorria jarri zioten. Zabaldu zuten garaian protagonistek adierazi ziguten, zaila izateaz gain, kalitate handikoa zela. Eta hori guztia Pouk berak honakoarekin baieztatu egin du: «Pirinioetako ‘Silbergeier’ berria da». Jakina, sona handiko Ratikoneko bidearekin parekatu du.

12 parabolt

Beraz, “Piztu da piztia”-ren ondoren, “Txingorra” iritsi da. Hirukoteak dioenez, “Libro abierto” pareta Peña Montañesan ukitu gabe zegoen azken horma zen. Berez, aipatu behar da pareta horretan pare bat xede zabaltzen ari direla, baina lehenengo benetako bidea “Txingorra” izan da. Proiektu horietan buru-belarri Chemari Andres eta Saez de Urabain daude, baina gorabehera batzuk tarteko, “hozkailuan” daude. Hirugarren balizko bide bat ere ikusia zuten, baina dudak ere bazituzten, paretaren goiko aldea ez ote zen oso gogorra izango: «Zalantzak balizko zailtasunekin genituen. Bide on bat zabaltzeko ea gai izango ote ginen galdetu genion geure buruari. Chemarik esan zidan agian xede hori berarentzat gogorregia izango zela, eta ez zuela nahi bide berria paraboltekin josi». Egoera hori ikusita, gipuzkoarrak Iurrita eta Cesarri aipatu zien gaia. Berehalakoan baiezko erantzuna eman zuten: «Eneko eta Arkaitz pareta horrekin interesatuta zeuden. ‘Piztu da piztia’-ren eskarmentua ona izan zela ikusita, proiektu berrirako bat egin genuen».

Hirukoteak hiru egun zituen marra berrian jarduteko, eta arestian aurreratu dugun legez, maiatzaren 28 eta 29an “Txingorra”-ri forma eman zioten. Ukitu gabeko pareta zenez, hurbilketa bidea ez zen batere erosoa izan: «Hormaren sarrerara iristea kosta egin zitzaigun. Baina di-da batean lanean jarri ginen. Lehen egunean lau luze zabaltzeko aukera izan genuen. Lehen biak Eneko eta Cesarren eskutik iritsi ziren. Hirugarrena niri egokitu zitzaidan, baina motz geratu zitzaidanez, laugarrena ere nik zabaldu nuen. Lan hori egin eta gero, sokak finkatu eta jaitsi egin ginen».

Biharamunean, “Txingorra”-rekin amaitu zuten: «Bukatu bezain laster, ekaitz gogor batek harrapatu gintuen, txingor eta guzti. Azken-aurreko bileran bi ordu pasatu genituen; hori bai, blai eginda. Uste dugu bide oso ona sortu dugula; estilo apartarekin zabaldutakoa. 200 metroan soilik 6 parabolt ditu. Kutsu alpinokoa da, baina plaka bikainak ditu».