18 JUN. 2015 Emakumezkoen futbola Garaipena zelaian eta baikortasuna bulegoetan Lehen Mailara igotzea lortu ondoren, Oiartzunek boskoiztu egin beharko du bere aurrekontua lehiaketaren eskakizunei aurre egiteko.Ordezkari publiko eta pribatuekin hainbat elkarrizketa izan ondoren, itxaropentsu dago Koldo Fernandez presidentea. Amaia U. LASAGABASTER Sekulako arrakasta lortu du Oiartzunek, egunotan ospatu eta irailetik aurrera disfrutatzen hasiko dena. Logikoa, bai, arrunta, ordea, ez. Izan ere, emakumezkoen futbola bereziki jasaten ari da krisiaren ondorioak, eta, hala, garaipen administratiboak zelaian borrokatutakoak baino zailagoak bilakatu dira. Hori horrela, lorpenen ospakizuna salbuespen bihurtu da azken urteotan. Ez da, zorionez, klub gipuzkoarraren kasua. Koldo Fernandez taldeko presidentea, behintzat, baikor da eta datorren denboraldian Lehen Mailako talde bateko arduraduna izatea espero du. Horretarako, baina, kluba azken asteotan egiten ari den lana Jon Alkortaren taldeak egindakoa bezain gogorra izaten ari da. «Baina gustura ari gara, eta, gainera, bide onetik goazela esango nuke. Akordio batzuetara heldu gara dagoeneko eta beste batzuk heltzear daudela uste dut». Zifrak ez dira altuegiak. Taldeak boskoiztu egin beharko du bere aurrekontua, baina guztira 75.000 euro ingurukoa izango da; «lor dezakegun diru kopurua, gaur egungo egoera onena ez izan arren». Laguntza publiko eta pribatua izatea espero du Fernandezek, «batez ere bidaiek eramango duten dirua biltzeko. Diru gehiena joan-etorriak eta egonaldiak ordaintzeko izango da. Ez dugu azpiegitura profesional bat mantendu beharrik». Ildo horretan, Fernandezek argi du klubak ez duela aldaketa handirik jasango. «Musu truk egiten dira gauzak hemen. Horrek, noski, meritu handiagoa ematen dio gure taldeek lortutakoari. Jokatzea eta lehiatzea maite dutelako etortzen dira, eta guk egin dezakegun gauza bakarra eskerrak ematea eta lan egiteko bitarteko eta girorik onenak eskaintzea da». Filosofia horrekin, emakumezkoen futbolean aitzindari izandako kluba elitera itzuli da. Eta bertan beste talde gipuzkoar batekin batera ariko da, Realarekin. «Harro sentitzeko modukoa da –azpimarratu du Oiartzun taldeko presidenteak–. Oso harro gaude, alde batetik, gure taldea Lehen Mailan ikusteagatik, hainbat urtetan egindako lanak eta eskualdean dagoen zaletasunak merezitako saria dela uste baitut. Eta oso harro gaude, baita ere, Gipuzkoak bi talde izango dituelako Lehen Mailan». Aurkariak izango dira zelaian eta lagunak bertatik kanpo, «dudarik ez». Izan ere, Fernandezen ustetan, «orain arteko hierarkia mantendu egingo da. Eta Realak gure jokalari bat fitxatu nahi badu, egin egingo du. Elkarrekin bizi gaitezke. Ez dago arazorik, baizik eta sekulako poztasuna!».