20 JUN. 2015 HELDUEN LITERATURA Gazte eta axolagabe Danele SARRIUGARTE Literatura Unibertsala bildumaren eskutik datorkigu “Tristezia, zer berri”, Gerardo Markuletak itzulia. Eleberri laburra, uda eta opor-giro lasaian kokatua, argitaratu zenean sexu-eszenengatik kalapita sortu arren, batik bat moral minimoaren, damurik ezaren eta axolagabeziaren jira eta birak aztertzen ditu. Cecile dugu narratzaile eta protagonista, eta nerabetako gertakizun batzuk dakartza gogora. Inguruan dabilzkio Raymond aita gaztetan alargundua eta horren adiskide min bat, andre kosmopolita: Anne. Hiritik urruti uda igarotzera jotzen du familiak kostaldera. Hiru dira: Cecile, Raymond eta aitaren maitale Elsa. Cecile biziki da zoriontsu garai horretan: paraje ederrean dago, betebeharrik gabe, eta toki berri batean egoteak hamaika aukera eskaintzen dizkio. Aitarekin ondo moldatzen da, ez diote elkarri mugarik ipintzen eta bakoitza bere kasara dabil. Cecilek jelosiarik gabe onartzen ditu aitaren maitale iragankorrak, ez dutelako sobera irauten. Gainera, Cecilek berak Cyril izeneko gazte bat ezagutu eta maite-kontutan hasiko da. Guztia itzulipurdikatuko da Anne iristean. Besteek sortutako giro laxoaren kontrakarrean, Annek ideia sendoak ditu, presentzia nabarmena. Aitaren jarreretan eragiten du eta Cecile gogor ikasten ipintzen du. Tentsioa igotzen doa, Anne eta Raymondek Cecileri jakinarazten dioten arte ezkondu egingo direla. Cecilek plan bat jartzen du martxan bikotea bereizteko, Elsa eta Cyrilen maitasun itsuak erabilita. Azkenean tragikoki amaitzen da guztia, Anne hil egiten baita abiadura betean Parisera ihesi doala, traizioak suntsituta. Kaleratu zenean neskaren sexualitateak sortu zuen iskanbila, gehienbat ezkondu gabe sexu-harremanak izaten dituelako, senargai modura hartzeko asmorik ez duen norbaitekin, eta ez delako haurdun geratzen ere (zigorrik ez). Gaur egun irakurrita sexu-eszenek xaloak irudi dezakete, baina ez litzateke azkarregi baztertu behar andre batek sexuaz idaztean sortzen den erreakzioaren tamaina gaur egun ere, oraindik ez baita ohikoena emakume batek sexu-esperientziez ezer adieraztea, aho bilorik gabe eta amodioaren eta erotikotasunaren apainak ahaztuta: latz. Kaleratu zenean, gainera, 19 urte zituen Saganek eta azkar asko zabaldu zen mundua bezain zaharra den leloetako bat: belaunaldi berriak galbidean daude. Belaunaldi berri hori bazen, gero, aurrekoarekiko ezberdina, baina askatasun sexuala kontu sakonago batzuen ondorio zen, areago sintoma kausa baino. Horrexegatik interesgarriago iruditzen zait Cecilen beste jarrera batzuk aztertzea. Saganek esana eta Markuletak hitzaurrera ekarria: «Istorio horretan eskandalagarria zen pertsonaia batek, axolagabetasunagatik, berekoikeriagatik, beste norbait heriotzara bultzatzea». Cecilek zergatik bultzatzen duen norbait heriotzara eta zergatik hautsi nahi duen maite dituen bi pertsonen arteko lotura, hortxe dago koxka. Galdera horri begiratzeko zenbait gako: aitarekin bakarrik bizi zenean sudur puntan ipintzen zitzaiona egiteko libertatea zeukan Cecilek, inork kargu hartu gabe. Anne etxean edukitzeak ezinbestean ekarriko zukeen autoritateari men egin beharra eta diziplina bat onartzea (agerikoa da, artean amaorde bihurtu gabe ikastera behartzen baitu). Cecile bera bere buruarekin gogorragoa eta exijenteago izatea ekarriko luke. Gainera, protagonistak deskubritzen du jendea nahieran baliatzeko gai dela (kasu honetan Elsa eta Cyril) eta botere hori gustagarri zaio. Egindakoen zergatia eta urteak pasa ahala egindakoekiko erantzukizunik eza agertzen zaizkigu eleberri honetan hausnarketarako gai, Markuletak euskarara dotoreziaz aldatutako deskribapen zehatzen eta gogoeta ugarien bidez bilbatuak, morbotik harago mamitsu.