Rekondok eta Larretxeak irabazi dute lehen saioa
Leitzarrak bi jardunaldi jokatu behar izan ditu, baina bigarrengoa ezin izan du irabazi.
Jon Rekondok eta Donato Larretxeak irabazi dituzte Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako aurreneko jardunaldiak. Hernanin, Leitzakoak Azurmendi hartu zuen mendean, eta, Larretxeak, berriz, herenegun Ondategin Rekondo bera menperatu zuen.
Hernanin, Rekondok proba guztietan hartu zuen mendean Azurmendi. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin behar izan zuten aurreneko lana, eta Leitzakoak, 37 segundoan bota zuen, eta, Azurmendik, 52 segundoan. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra bota behar izan zuten, baina erlojuz kontra. Minutu eta 27 segundo behar izan zituen nafarrak, eta bi minutu eta 11 segundo gipuzkoarrak.
Hirugarren lanean, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta berriro ere Rekondo izan zen onena. Minutu eta 13 segundo behar izan zituen lanak burutzeko, eta, bi minutu eta 11 segundo, berriz, Azurmendik. Laugarren lanean, 60 ontzakoa izan zuten aurrean, eta berriro ere Rekondo gailendu zen. Bi minutu eta 44 segundo behar izan zituen Rekondok, eta hiru minutu eta 31 segundo Azurmendik. Azkeneko lanean, bakoitzak sei kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta Rekondok 19 minutu eta segundo bat behar izan zituen lanak bukatzeko, eta 20 minutu eta 34 segundo Azurmendik. Denera, lan guztiak egiteko, 25 minutu eta bi segundo behar izan zituen Rekondok, eta 29 minutu eta 19 segundo Azurmendik.
Herenegun, berriro ere Rekondok jokatu behar izan zuen, oraingoan, Donato Larretxearen aurka, eta azken honek lortu zuen garaipena. Hala ere, Leitzakoa hasi zen aurretik. Kolpekakoan, erlojuz kontrakoan eta baita enborra zutik jarritako lanean ere nagusitu zen, baina azken bi lanetan Larretxea nagusitu zen. Azken saiora Rekondo aurretik sartu zen, baina beteranoak hor errematea eman zuen. Donato Larretxeak, 23 minutu eta 14 segundo behar izan zituen lan guztiak burutu ahal izateko, eta, 25 minutu eta 12 segundo, berriz, Jon Rekondok.