GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Ziri zitala


Abertzaleon artean ezin ulertu txikienaz konturatzean, gure artean zirrikitu ñimiñoena ikusi orduko, Madrilek, tak, ziri malapartatu bat sartzen du bertan. Azken urteotan, baditugu ziri bat edo beste ondo emanak zirrikituetan. Horrelakoetan hemen ez da inor atzera gelditzen ziri burua mailuarekin jotzeko. Uste dut abertzaleok garela mailukari jarraikienak. ‘Tiriki-trauki’ zinez mingarria!

Horrela gabiltzan bitartean, Madrilgo politikariek eta inguruan hain ugari ditugun politikari madrildarrek elkar besarkatzen duten pozaren pozez, elkarri diotela: «Abertzaleek horrela jarraitzen duteno, euskal arazoa euskaldunen arteko arazoa besterik ez da izango».

Ba ote da ikusi nahi ez duena baino itsuagorik? Mailuka, ‘kanka’ bakoitzarekin, gure arteko ezin ulertua sakontzeaz gain, horretan xahutzen ditugun indarrak ez dira txikiak. Arnaldoren hitzak datozkit: «Ezker abertzaleak gaitasun handiak ditu, egoera berriari egokitzeko nekeziak ere bai».

Hego Euskal Herrian bi egiteko modu bateraezinak ez ezik, ia bete-betean talka egiten dutenek dirauten bitartean... Abertzale sentitzen den bakoitzak ondorioak atera beharra ditu (ditugu), berehala aberkidetasunean oinarritzen diren harremanak eraikitzen hasi, edo horrelako zerbait eraikitzen hasteko. Edo horrelako zerbait. Abertzale guztien artean ezik, nola berdindu genezake bestela mende erdi luzez gure artean eraiki dugun leizea?

2015eko otsailean Euskal Telebistako Sautrela emankizunean Hasier Etxeberriak telefonoz Sarrionandiari elkarrizketa egiten hau galdetu zion: «Zer diozu Euskal Herriko egoeraz?»

Sarrionandiak erantzun ziguna: «Euskaldunak langileak dira eta auzolanean trebeak, politikan elkarren kontra borrokan gogorrak (ı)». Zirrikitu eta ziriekin nenbilen bitartean, euskaldunon idazle gotorrak garbi ikusi du «brintza».

(ı) «gogorrak» Sarrionandiak honela ahoskatu zuen: «gogorrrrak».