06 JUL. 2015 ZIRIKAZAN Txapliguaren norabidea Josebe EGIA Iruñean, ordu gutxi barruko zerurako suziria ez da izango sanferminen ohiko hasiera-ekitaldia baino; izango da, era berean, iruindar askok eta askok, batez ere, urte luzez desiraturiko eredu-aldaketaren berrespena. Gaurko txupinazoa, agintariren batek barik, festak zinez hezurmamitzen eta sostengatzen dituztenek botako dutelako, alegia, herritarrek. Gure ikurrina eskegitzeak ez dizkigulako ikusaraziko, bertan eta telebista bidez mundu osoan, irudi ustez iraungiak, eta betiere tamalgarriak. Biharko egunez, udaletxea morez jantziko delako, berdintasuna aldarrikatzeko eta bereziki Nagore Laffaggeren oroimenez eta omenez; zazpi urtean aurrenekoz, bazen garaia! Emakumeekiko errespetuzko eta elkartasunezko nahitaezko keinu soilez harago, Iruñean indar bereziz nabarmentzen ari direlako indarkeria matxista prebenitzeko eta erauzteko asmo irmoa: guztion tolerantzia eza sustatuz eta emakumeontzako baliabideak eta arreta uneoro eskainiz, baita orain artean ordezkaritza instituzionalik gabeko hainbat ekintzatan parte hartuz ere. Neu ere sanferminzalea naizelako, zirrarak jota nago aurten, hainbeste euskal herritarrekin batera, agian datozen urteotakoak irudikatzen hasiak garelako: parte-hartzaileagoak, euskaldunagoak, parekideagoak, denon-denontzako aske eta seguruagoak… aldaketa-haize itxaropentsuaren eragina izango da, baina zein bizigarria gertukoagoak sentitzea. Bilbotarra izanik, jende askok galdetu ohi dit nolatan sentitzen naizen honen gustura jendetza, mozkorti eta mota orotako jende-moduren artean, desfase hutsaren gailurrean, «denak balio du» eremu horretan. Horrelaxe hautematen dira Euskal Herriko jairik nazioartekoenak, horrelaxe zabaldu izan direlako tradizionalki, hainbeste eta hainbeste ekimen, jarduera eta gauza herrikoi on ezkutuan utzita. Bertako lagun batek ziostan iaz egundoko frustrazioa sentitzen zuela horregatik, «halako propaganda, honelako ondorioak», eta Udaletik nahiz hedabideetatik kontu bakan zehatz batzuei baino ez zaielako erreparatzen: entzierroei, atzerritarren zorakeriei eta istiluei. Bat nator berarekin; sanferminak barrutik bizi dituenak badaki horiek baino askoz gehiago direla, eta badaki zenbat lan egiten duten gizon eta emakume ugarik era sanoan eta laguntasunean bizi daitezen, eguneroko bizimoduko elkartasuna, aldarrikapenak eta konpromisoak baztertu barik. Bejondeizuela!