18 JUL. 2015 HAUR LITERATURA Konplizitatea eta irudimena Xabier ETXANIZ ERLE 1957an plazaratu zen liburu hau, eta orain, hirurogei urte beranduago edizio berria dugu euskaraz. Alde horretatik liburu berri eta modernoa aurkitu nahi duen irakurleari lehen oharra: liburua duela hirurogei urteko mentalitatean eta giroan kokatuta dago. Hartz Txiki, geroago telebistan ikusi eta gozatzeko aukera izan dugun pertsonaia, dugu liburuko protagonista; Hartz Txiki eta Ama. Lau istorio laburrek osatzen dute liburua, eta hasieratik ikus dezakegu Ama eta Hartz Txikiren arteko erlazioa, maitasuna, ardura; hasieratik ikus dezakegu Ama dela Hartz Txiki zaintzen duena, horixe da bere lana, horixe betebeharra. Eta gaur egungo begietatik ikusita agian ikuspegi sexista ere baduela esan dezakegu. Liburuko lehen irudiak, 11. orrian ageri denak, ongi islatzen du ikuspegi hori. Hartz Txiki eta Ama ageri dira, azken hau amantala jantzita eta leihotik kanpora begira; hots, emakumearen –emearen– lana da etxekoa, horrexegatik du amantala, eta barne espazioa, etxe barneko espazioa du bere tokia. Liburuak baina, baditu alderdi on asko; protagonistaren irudimena, umorea, askatasunaren erreibindikazioa, fantasiaren indarra; horiek guztiak kontuan izateko moduko elementuak dira istorio hauetan. Eta hortxe dago liburuaren indarra, kontakizun sinpleetan, Ama eta Hartz Txikiren arteko elkarrizketetan, bestelako animaliekin izandako gertakarietan, irakurleak –edo istorioa entzuten duenak Sendaken irudiak ikusiz– ederki goza dezake argumentu eta ateraldiengatik. Liburuko lehen kontakizunean bertan antzeman daiteke esandakoa; «Hotza egiten du. Elur asko dago. Begiratu elurra nola erortzen den. Hartz Txikik esan zuen: –Hartz Ama, hotzak nago. Begira zenbat elur dagoen. Zerbait jantzi nahi dut». Eta horrelaxe hasten da Ama eta umearen arteko istorioa, nola joaten den jantzi ezberdinak hartzen, nola jarraitzen duen hotz izaten eta nola, amaieran larrua jantzita amaitzen duen; hots, bere hartz larruarekin eta inolako jantzirik gabe: «Neure betiko larruzko berokia da! Orain ez naiz hotz izango». Hartz Txikiren ateraldiari narratzaileak beste komentario labur bat gehitzen dio: «Eta ez zen hotzak egon. Zer iruditzen zaizu?». Eta hitz horiekin amaiera ematen dio kontakizunari. Irakurlearen erantzuna, inplikazioa, bilatzen duelarik. Istorio sinpleak dira liburua osatzen dutenak, kariñoa eta laguntasuna islatzen duten kontakizunak; eta Sendaken irudiek ederki erakusten dute Hartz Txikiren irudimena, amaren sentimenduak, beraien arteko konplizitatea… liburua ederki osatuz. Pamiela eta Kalandraka etxeek Sendaken obra guztia euskaraz eskaintzeko duten asmo horren beste urrats bat dugu lan hau; gure literatura aberasteko urratsa.