GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Erandioko Goiherri A taldeak irabaziz ekin dio 560ko lehiaketari


Erandikoko Goiherri A taldeak 560ko txapela irabazteko aurreneko pausoa eman zuen, garaipena eskuratu baitzuen aurreneko jardunaldian. Horrekin amaituko da lur gaineko denboraldia, eta berdeak sasoiko hirugarren txapela lortzeko bidean dira.

Gaztedi A taldearekin borroka handia izan zuten, eta tiraldiak ere oso luzeak izan zituzten, baina Erandiokoek mendean hartu zuten Laukizko taldea. Kontuak hala, Goiherri A taldeak irabazi eta Gaztedi A taldeak bigarren amaitu zuen lehendabiziko saioa.

Hirugarren posturako ere lehia ikaragarria izan zuten Goiherriren eta Gaztediren bigarren taldeek. Bi onenekin galdu egin zituzten euren tiraldiak, baina bien arteko deman berdindu egin zuten. Hala, Mutriku eta Gaztedi C mendean hartu zituzten eta azkenean berdinduta geratu ziren.

Azkeneko bi postuak ez ziren aldatu, Mutrikuk eta Gaztedi C taldeek itxi baitzuten sailkapena. Azken hauek aurten oraindik ez dute tiraldirik irabazi.