26 JUL. 2015 sokatira Gaztedi A taldeak 560 kiloko sailkapen nagusia asko estutu du J.L. Gaztedi A taldeak 560 kiloko sailkapen nagusia pil-pilean jarri du, atzo bigarren jardunaldia irabazi ostean. Ondorioz, Goiherri A taldearekin berdinduta geratu da, eta jardunaldi bakar bat besterik ez da falta uneotan dena amaitzeko. Gaztedi A taldeak eguneko saio guztiak irabazi egin zituen, eta horrek lehen postua eman zion. Goiherri A taldeak atzo irabazi izan balu, txapela eskuetan izango zukeen, baina Laukizkoekin galdu egin zuen, eta, ondorioz, bigarren geratu zen. Goiherri B taldeak oraingoan Gaztedi B mendean hartu zuen, eta hirugarren postua eskuratu zuen, eta sailkapen nagusian ere horrelaxe jarri da. Aurreneko biekin galdu eta gainerako talde guztiei irabazi egin zien. Laugarren geratu zen Gaztedi B, Mutrikuri eta Gaztedi C taldeei irabazita. Bosgarren postua, oraingoan, Gaztedi C taldeari egokitu zitzaion, Mutrikuri bakarrik irabazita, eta lehian ari den talde gipuzkoar bakarra geratu zen azkena, lehia denak galduta. Bi txapelketa Araban Sekulako jendetzaren aurrean jokatu ziren atzo Arabako bi txapelketa. Nesketan, ingude-altxatzekoa izan zen, eta Nikola Gulova eslovakiarrak irabazi zuen. Minutu eta erdian 10 kiloko ingudeari 77 jasoaldi eman zizkion. Bigarren postuan Arrate Maruri sailkatu zen 71 jasoaldirekin. Bi izan ziren lehiatu zirenak. Mutilen Arabako Txinga Txapelketa ere jokatu zen, eta Perez de Herediak txapelari eutsi zion, 22 plaza eginda. Bigarren sailkatu zen Lopez, sei plaza, laurden bat eta 5,3 metroko marka eginda. Azkena Velez de Mendizabal sailkatu zen, sei plaza eta 0,90 metrorekin.