26 JUL. 2015 KOLABORAZIOA Orwellen «newspeak» berria: Grezia Joseba Felix Tobar Arbulu Ingenieria Gogora dezagun zein izan den troikaren helburu nagusiena: «Azkenean, deflazioaren aldeko politiken garaipena, jendeak langabezia nahi duela inflazioa baino gehiago erakusteko. Horrek funtsean esan nahi du merkataritza superabitaren bila joateko joera zutik dagoela». Izan ere, hori guztia izan da Grezian eztabaidatzen ez zena. Horren ordez, «politika» zen nagusi, eta, ondorioz, Troikaren ekonomia garaile bilakatu da: neoliberalismoa, deflazioa, kanpo merkataritza superabitak enpresa erraldoien esportazioak bultzatuz… eta alboratzen zena defizit publikoa izan da. Jadanik ongi dakigunez, irtenbidean, beste neurri batzuen artean, hauxe izan zen puntu garrantzitsuenetariko bat, Grexit-a izan ez zedin: defizit publikoa %3tik %8ra igotzea. Baina ahantzi bide dugu Marx zaharra eta, dialektika eta antzeko zabor intelektual guztietatik kanpo, sistema ekonomikoak aparteko garrantzia daukala gizartean. Gaur egungo sistema ekonomikoa asko aldatu da. Orain Finantza Kapitalismoan bizi gara. Warren Mosler ekonomialariak oso argi aurreratu zuenez, azken boladan ekonomia alboratu eta politikara atxiki dira greziarrak. Baina Greziak behar zuen irtenbidea ez zen «politikoa» ekonomikoa baizik. Gainera, ekonomiaz eta finantza ekonomiaz jakin behar da, asko eta sakon, zerbait interesgarria proposatzeko. Moslerrek Italiarako proposatu zuena Grezian ere aplika zitekeen: EBko defizit publikoa %3tik %8ra igotzea; bestela, Grexit-a, drakma berria erabiliz (eta, noski, defizit publikoa %8ra igoz). Gehi job guarantee delakoa. Hots, langabezian dagoen eta lan egin nahi duen orori trantsiziozko lan publikoa eskaintzea, orduko 8-10 euro ordainduz. Aipatutako defizit publikoko diru gehiketa horrekin, Greziako sare industrialean diru laguntza horni daiteke, baita hainbat zerbitzu publikotan ere (osasungintzan, heziketa eta irakaskuntzan, 62 urterekin duinezko pentsioetan, lan publikoetan…). Ez zegoen beste irtenbiderik. Greziak bi aukera besterik ez zituen. Batetik Grexit-a. Nondik etorriko zaie laguntza greziarrei? Kanpotik? Ba ote dakite «kanpokoek» Grexit-ak zer esan nahi duen ekonomikoki eta finantza arloan? Ba ote dakite zer-nolako neurri ekonomikoak hartu beharko dituen Greziako gobernuak Grexit egoki bat gauzatzeko? Beraz, zertan ari dira progre, ekonomialari, politikari eta kazetari gehienak? Ezer jakin gabe, etengabe hitzak plazaratzen… Betiko leloa: hitzetan eta aldarrikapen hutsetan murgiltzea. Greziak neurri ekonomiko berriak behar ditu bere ekonomia funtzionatzen has dadin: moneta propioa (drakma berria) modu egoki batean martxan jartzea, defizit publikoa %8ra eramatea, job guarantee programarekin, hots lan bermeko proiektu sendo batekin, lehenbailehen abiatzea… Hitz batez, eskari agregatua areagotzea. Laguntza? Benetako herri independente gisa arituz, Txinatik zein Errusiatik nahiz Hego Ameriketatik edo EFTAko kideetatik lor dezakeena. Beste aukera: kapitulazioa, hots, infernuan segitzea. Edozein hitzekin kamuflatu nahi dute egoera tamalgarri hori, Orwell-en newspeak-a erabiliz: kasu, Troika (instituzioak); kapitulazioa (akordioa); Grexit (hondamendia), eta abar luzea. Greziak behar zuen irtenbidea ez zen «politikoa», ekonomikoa baizik. Finantza ekonomiaz asko eta sakon jakin behar da zerbait interesgarria proposatzeko