01 AGO. 2015 sokatira Goiherrik eraman du denboraldiko azken txapela J.L. Goiherri A taldeak eraman du denboraldiko azken txapela, berak irabazi baitzuen 560koan amaierako jardunaldia. Gaztedi A taldearekin berdinduta iritsi zen Zorrotzako saiora, baina han saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Gaztedik, Goiherrirekin galdu egin zuen, baina beste tiraldiak irabazi zituen, eta egunean eta sailkapen nagusian bigarren geratu zen Laukizko taldea. Emozioa hirugarren posturako izan zen. Goiherri B sailkapenean aurretik heldu zen, baina atzo Gaztedi B taldeak irabazi egin zion, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten hirugarren postua erabakitzeko, eta Laukizkoek eraman zuten neurketa. Bosgarren Gaztedi C izan zen, berriro ere Mutrikuri irabazi egin zion, eta bai atzo eta bai sailkapen nagusian postu horretan amaitu du. Sailkapena Mutrikuk itxi du. Euskal Herrian denboraldia amaitu da, eta Goiherri A izan da talderik onena, txapelik gehien berak eraman baititu, nahiz eta Gaztedik borroka ikaragarria egin duen, Goiherriri lan handia emanez. Aizkora Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko da bihar, 13.00etan, Bilboko Zorrotza auzoan, eta han lehiatuko dira Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo. Bigarren itzuliko saioa izango da hau, eta aurrenekoan gipuzkoarra gailendu zen, eta oraingoan ere faboritoa izango da. Sailkapen nagusian, eta kontuan hartuta denek ez dutela saio kopuru bera jokatu, Larretxea doa lehen postuan 6 punturekin, bigarren Rekondo 5 punturekin, Azurmendik ere leitzarrak bezainbeste ditu, eta Atutxa II.a doa, bi punturekin, azkena. Bizkaitarrak orain arte saio bakar bat jokatu du, eta oraindik bost falta zaizkio jokatzeko. Azurmendiri eta Larretxeari bi falta zaizkie eta Rekondori, berriz, hiru.