GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
UNAI PASCUAL GARCIA DE AZILU
BASQUE CENTRE FOR CLIMATE CHANGE-KO IKERTZAILEA

«Akordioa izango da, etorkizunari begira barkaezina litzateke ez izatea»

Ekonomialaria ikasketez, Unai Pascual (Gasteiz, 1973), Basque Centre For Climate Change-ko «Ikerbasque Research Professor» da 2011z geroztik, aurretik hamarkada batez Cambridge unibertsitateko irakasle titularra izan eta gero. York unibertsitatean ingurumen ekonomian doktorea, besteak beste klima aldaketari gizarte zientzien ikuspegitik begiratzen dio.


Urte amaieran Parisen egingo den klima aldaketaren goi bileraren prestaketak gertutik jarraitzen ditu. Planetaren historiaren mugarri izan daitekeela dio, eta izan beharko lukeela nabarmendu. Etxeko lanak ez dira behar bezain azkar eta ondo egiten ari estatuak, baina estutu beharko da. Klima aldaketarena erpin ugariko arazoa dela dio, ikuspuntu eta arlo desberdin ugaritatik elkarlanean konpondu beharrekoa.

Urte amaieran Parisen egingo den klimaren goi bilerara bi gradutako mugarria jarrita doaz, gutxiegi batzuentzat.

Tenperatura industria aurreko garaietatik bi gradu berotzearen helburu hori helburu egingarri gisa zehaztu zen 2010ean. Aurretik helburua 0 gradu berotzea zen, baina ikusi zen aldaketa klimatikoak atzera bueltarik ez zuela eta muga hori jada gainditua zegoela. Zientzialari batzuek diote bi gradu horiek gaindituz gero, aldaketa klimatikoaren eraginak katastrofikoak izango direla. Horrek ez du esan nahi bi gradutara iritsi gabe ere inpaktua ez dela izugarria izango. Ez da helburu ideala, erabaki erdi-zientifiko erdi-politikoa baizik.

Helburu ideala ez izanagatik, zeregin handiak dakartza hori lortzeak ere, ezta?

Politikoki erabaki behar da zer baliabide erabili beharko ditugun bi graduko muga hori ez gainditzeko. Familiok dugun moduan, klimak ere aurrekontu bat du, atmosferak jaso dezakeen karbono kopuruak zehazten duena. Zientzialarien arabera, bi graduko tope hori ez pasatzeko muga 1.000 gigatoietan dago. Arazoa da iraultza industrialetik hona erdia baino gehiago, 515 gigatoi isuri dugula eta oraindik isurien tendentzia esponentziala da. Horregatik zientzialari askok esaten dute, gaur arteko joera ikusita eta hau aldatzen ez badugu, gure aurrekontua amaitzeko 17 urte falta direla, beste batzuek 4o urte aipatu dituzte... Edozein modutan, denbora gutxi dugu.

Horregatik, Parisko Konferentzia mugarri gisa hartu da.

Bai, bere garrantzia izugarrizkoa da. Bertan zehaztuko da 2020tik aurrera eta maila globalean karbonoaren aurrekontu hori nola kudeatuko den.

Prestaketa prozesua behar baino mantsoago doa, ordea.

Bai. Martxorako herrialde desberdinek hartuko dituzten neurriak eta epeak zehazten dituen dokumentua aurkeztu behar zuten, baina oraindik 189 estatuetatik 49k baino ez dute egin. Halabeharrez, urria baino lehen aurkeztu beharko dituzte. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) dokumentazio hori guztia behar du Parisen negoziazioak hasteko, ezin da-eta Parisera bakoitzak zer egin behar duen jakin gabe iritsi. Egia da Txinak ezik, herrialde kutsakorrenek –karbono isurien %73 hamar herrialdek sortzen dute– aurkeztu dutela plana eta aurreikuspenak ez dira onak. Orain arteko asmoekin ez da bi gradutako helburu hori beteko eta hiru edo hiru gradu eta erdian kokatuko gara.

Adostasuna lortu beharra dago ezinbestean, ordea.

Akordioa egongo da seguru, herrialdeek ezingo dute akordiorik gabe atera, etorkizunari begira barkaezina litzateke. Planetaren historiarako mugarri bat izan daiteke... Izango da? Hori da galdera. Kyotoko protokoloa garrantzitsua izan zen bideak zabaldu zituelako, baina emaitzak frustranteak izan dira.

Zein da trabarik handiena, aipatu duzun aurrekontuaren zatirik handiena jan dutenak, berriz ere gehiago jateko beharra dutela?

Bai, joko maltzur hori dago. Klima aldaketaren negoziazio guztietan bada kontzeptu bat, “common but differenciated responsabilities”, Parisen ere funtsezkoa izango dena. Azpigaratutako herrialdeek beti aldarrikatzen dute esanez, erantzukizuna guztiona dela, baina ez neurri berean; eurentzat oinarri-oinarrizkoa da ideia hau abiapuntua izatea eta beste muturrean dauden herrialde hainbat garrantzia kentzen saiatzen dira. Kyotoko gailurretik hona adostua dago kontzeptu hau, baina, akordioetara iristeko, traba geopolitiko garrantzitsuenetariko bat izango da. Azken batean, egungo egoeraren zergatiak eta erantzuleak zehaztean dago gakoa.

Finantzaketa izango da gainditu beharreko beste traba.

Herrialdeen arteko desberdintasun ekonomikoa izugarria da. 2009an Kopenhagen izandako gailurrean zehaztu zen 2020tik aurrera herri azpigaratuei ehun mila milioi dolar emango zitzaizkiela urtean, beraien karbono isuriak murrizteko neurriak har ditzaten batetik, baina batez ere, jada izaten ari diren klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Munduko Bankuak orain gutxi atera duen txosten baten arabera, oraindik ere hitzeman zuten diruaren %70 airean dago. Herrialdeek puntu honetan indar handia egiten dute eta jada garapenerako jasotzen dutenaz gain jasotzea eskatzen dute. Diruak publikoa edo pribatua izan behar duen ere eztabaidatzen da; izan ere, enpresa pribatuen aldetik badator, agian baldintzak egon daitezkeela pentsatzen da. Sektore pribatua adi-adi dago; erabakitzen diren neurriek batzuei kalte egingo diete, baina izango dira negozioa egingo dutenak. Lobby energetikoak negoziazio hauen atzean daude; ez daude zer erabakiko zain, aktore potenteak dira.

Herrialde ez garatuek duten beste indargune bat euren lurretan dituzten baso eremu zabalak dira. Horiek oso garrantzitsuak dira isuriak xurgatzeko eta mantentzea oinarrizkoa da. Baina herrialde aberatsek ere bazituzten eta suntsitu egin zituzten iraultza industrialean. Horregatik, mekanismoak sortzen ari dira baso horiek ez suntsitzeagatik konpentsazioak emateko. Ingurumen justizia sartzen da tartean, baita garatu gabeko herrialdeek garatzeko duten eskubidea ere.

Klima aldaketaren gaiaren konplexutasuna handia da...

Bai, hori ulertzea ezinbestekoa da. Ez da arazo tekniko bat, konplexutasun handia du. Ezin da pentsatu ingeniari bat etorri eta arazoa konponduko duenik; sustraiak sakonak dira eta tartean daude filosofia morala eta etika, ekonomia, gizartea, ekologia... Auzolanean konpondu behar den kontua da, erpinak anitzak dira-eta.

Lortu nahi diren helburuak lortzeko orain arteko ereduak aldatzeko beharra dago? Hazkuntza ekonomikoaren amets hori zalantzan jarri beharra dagoela aipatu duzu.

Ni, pertsonalki, ez nago hazkuntzaren mantrarekin ados. Orain arte ikusi da hazkuntza ekonomikoak isuriak dakartzala, batez ere, arlo energetikotik eratorritakoak. Hazkuntza ekonomikoa handitzea eta isuriak murriztea oso-oso zaila da, bi lerro horiek paraleloan joan dira orain arte. EAEn azken hamarkadetan hazkunde handia izan da eta isurien gorakada ez da maila berean handitu; horri desakoplamendu erlatiboa esaten diote. Txinak eta AEBek ere desakoplamendu erlatiboaz hitz egiten dute, baina ez absolutuaz. Klimari berdin zaio herri bat ekonomikoki hazten ari den edo ez, arlo honetan aurrerapenak egiteko isuriak murriztu behar dira.

Hazkuntza ekonomiak ez duela totem bat izan behar ez diot nik bakarrik. Ikertzaile askok eta ekonomiako Nobel saridun hainbatek diote oparotasunaren kontzeptua birplanteatu egin behar dela. Oparoak izan gaitezke hazkuntza ahulago batekin edota hazkuntzarik gabe. Gobernuek ere badakite hori, baina badituzte lobby indartsuak presio egiten dietenak, enpresa mundua eta sindikatuak barne.

Presioak berriz...

Bai, egun baditugu datuak esateko une honetan hazkuntza ekonomiko mota batzuk ez direla ekonomikoak. Adibidez, erregai fosilen industriak sortzen duen hazkuntza ekonomikoaren kostua mozkina baino handiago da, esaterako, klima aldaketaren arloan. Energia industria fosila antiekonomikoa da, gutxi batzuentzat izan ezik. Ez dugu mundu mailako gobernurik, eta estatu eta sektore ekonomiko bakoitzak bere baitan pentsatzen du. Hori da daukagun arazoa: mozkin asko pribatuak dira, baina galerak publikoak dira eta guztiontzat.

Erregai fosilek eragiten duten kalteaz mintzo zara, nola ulertzen da testuinguru honetan frackingaren inguruan Euskal Herrian piztu den eztabaida?

Frackingaren inguruan iritzi asko daude. Zenbaitzuek esaten dute frackinga ez dela hain txarra, gasak petrolioak baino karbono isuri gutxiago eragiten dituelako eta izan daitekeela trantsizioko energia bat. Beste batzuen ustez, tranpa da, energia sistema aldatzea izan behar delako gakoa eta ez delako komeni arlo horretan dirua eta ikerketa inbertitzea.

Nire iritzi pertsonalean, ez da eraginkorra horrelako eredu bat sustatzea. Benetan sinesten badugu aldaketa klimatikoa milurteko erronka nagusia dela ezin gara entretenitu horrelako erronketan. Ausartagoak izan behar gara. Gainera, ingurumenari sortzen dizkion kalteak handiak dira eta horiek betiko kalteak dira.