Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ZARAUTZ
Bodyboard

Antofagasta Bodyboard Festival:Olatu onak eta maila altua Txilen

APB zirkuituko hirugarren proba amaitu da, Antofagasta Bodyboard Festival 2015. Irabazleak, Lewy Finnengan (mutiletan), AlexandraRinder (nesketan) eta Socrates Santana (Junior kategorian) izan dira. Ranking orokorrean, ordea, Amaury Lavernhek jarraitzen du buru.

Munduko APB bodyboard itzuliak aurrera jarraitzen du. Azken txapelketa, Antofagasta BB Festival, larunbatean amaitu zen. Orain Txiletik Australiara bidean dira munduko bodyboard zale onenak.

Bere ibilbide laburrean (aurtengoa bigarren urtea) APB zirkuituak indarra hartu duela dirudi; izan ere, iaz zenbait berrikuntza egiteko asmoa agertu zuten antolatzaileek eta aurten hartutako erabakiak zuzenak zirela agerian geratzen ari da.

Gazteentzako aukera berriak eta kalitate handiko urautsiak, horiek ziren aurtengo APB zirkuiturako iragarri zituzten bi ezaugarri nagusiak eta asmatu zuten; izan ere, aurten egin diren hiru txapelketetan sekulako olatuak izan dira eta gazteen kategoria berrian ere emaitzak ikusgarriak izaten ari dira.

Uztaila

Uztaila oso garrantzitsua izan da munduko bodyboard txapelketei dagokienez. Brasilen hasi zen aurten goi mailako bodyboard sasoia, Itakoatiarako hondartzan, zehazki. Uztaileko lehen astean izan zen, Uri Valadao brasildarra eta Amaury Lavernhe izan ziren finalean. Azkenean, Lavernhe, Reunion uharteetako lehiakidea gailendu zen. Txapelketa hartan aipagarriena, aldiz, olatuak izan ziren, sekulako itsaskia izan baitzen, hiru eta lau metroko olatu borobil eta indartsuak.

Handik astebetera Txileko uretan ziren munduko lehiakide puntakoenak, Aricako eskualdean. Han ere olatuak itzelezkoak izan ziren eta lehiakideek maila altua erakutsi zuten. Gauzak horrela, Jared Houston hegoafrikarrak irabazi zuen APB bodyboard zirkuituko bigarren proba. Arican ere finalean izan zen Lavernhe, baina Jared Houstonentzat izan zen txapela.

Jarraian, uztailaren 28an, Antofagastako txapelketa hasi zen, larunbatean amaitu zena, eta kasu honetan ere olatuak ikusgarriak izan dira, handiak, borobilak eta garbiak. Hiru kategoria nagusi izan ziren, gizonezkoena, emakumezkoena eta gaztetxoena (Junior), lehia gogorrarekin.

Antofagasta 2015

Antofagastan ere oso olatu onak izan ziren txapelketak iraun zuen egunetan. Azken egunean, finaletan, ia hiru metroko olatu garbi eta borobilak izan ziren. Beraz, lehiakideek lehiaz gain gozatu ere egin zuten.

Mutilen kategorian, Lewy Finnengan australiarra eta Uri Valadao brasildarra izan ziren finalean eta australiarra izan zen txapela eskuratu zuena. «Egia bilakatu den amets bat da, oraindik ezin dut sinetsi», esan zuen Lewyk mikrofonoa eman ziotenean.

Gauzak horrela, zirkuituko hirugarren txapelketaren ostean aldaketa nabarmenak izan dira ranking orokorrean.

Egun, Amaury Lavernhe da APB rankingeko burua, 2010. eta 2014. urteetan munduko txapela lortu zuen lehiakidea. Atzetik, bigarren postuan, Uri Valadao dago. Hirugarren postua Jared Houstonentzat da eta azken txapelketako garaipenaren ostean Lewy Finnenganek laugarren postura igotzea lortu du.

Alex Uranga

Alex Urangak, berriz, aurkari gogorra izan zuen Antofagastan, Uri Valadao hain zuzen ere, 2008. urtean munduko txapeldun izandakoa. Zumaiarrak ez zuen brasildarra garaitzea lortu eta laugarren errondan kaleratua izan zen.

Uranga hamabosgarren postuan da egun ranking orokorrean. Sasoiaren hasieran 17. postuan zen Uranga, gero hamaikagarren postura igotzea lortu zuen eta orain lau postu jaitsi ditu, baina laster Australian izango den txapelketan emaitza on bat lortzeko aukera handiak ditu.

Alexandra Rinder

Nesken kategorian berriz, Alexandra Rinder izan zen Antofagastako irabazlea. Isabela Sousa brasildarra garaitu behar izan zuen kanariarrak txapela eskuratzeko. «Ezin dut sinetsi», zioen pozarren Alexandra gazteak: «Sousa bezalako lehiakide bat bigarren aldiz garaitzea sekulakoa da».

Hamazazpi urte besterik ez ditu Kanarietako neskato honek eta jada sekulako ibilbidea du. Iaz berak eskuratu zuen APBko munduko titulua, eta hori bakarrik ez, orain artean nesken kategorian munduko titulua erdietsi duen lehiakide gazteena da.

Antza, aurtengoan ere munduko txapeldun izan nahi du Alexandrak, eta bide onetik doa. Izan ere, Antofagastako garaipenaren ostean lehen postuan jarri da ranking orokorrean. Rankingeko bigarren eta hirugarren postuan bi brasildar daude, Isabela Sousa eta Neymara Carvalho. Horien atzetik Txileko lehiakideak dira nagusi. Bosgarren postuan esaterako, Anais Velis.

Socrates Santana

Junior kategorian Socrates Santana izan zen 20 urtera bitartekoen txapela eskuratu zuen lehiakidea. Hamasei urte baino ez dituen brasildar honek gaztea izan arren sasoi betean dagoela erakutsi zuen.

Shark Island

Orain Australiara bidean dira lehiakideak, Shark Island-en lehen aldiz izango den munduko txapelketan parte hartzeko prest. Urautsi hori oso ezaguna da tubo ederrak eskaintzen dituelako, baita arriskutsua delako ere.

Australia ekialdean dago Shark Island, Sidneytik gertu, Cronullako hondartzan, eta itsaski sendoak behar ditu behar bezala funtzionatu ahal izateko. Horregatik, hain zuzen, itxaronaldi epea apur bat luzeagoa izango da. Abuztuaren 10etik hasita irailaren 17ra luza liteke APB itzuliko laugarren proba.