Jon LEUNDA
Aizkora

Jauregik itxura ona emanda lortu du Arabako txapela

Hasieratik hartu zuen aurrea, baina ez zen lasai aritu ahal izan, Rodriguez II.aoso gertu izan baitzuen saio osoan zehar. Kintanak maila galdu zuen.

Arkaitz Jauregik irabazi zuen atzo Gasteizen jokatu zen Arabako Txapelketa. Gogor lan egin behar izan zuen garaipena eskuratu ahal izateko, amaieran 35 segundoko aldea baino ez baitzion atera Rodriguez II.ari. Kintana azkena sailkatu zen, eta datorren urtean herrialdeko Bigarren Mailan aritu beharko du.

Ezustea, berriz, Juan Anjel Zubiagak eman zuen. Bera zen atzokoa irabazteko faboritoa, baina garbi dago Arabako txapela behin baino gehiagotan jantzi duen aizkolaria ez dagoela bere unerik onenean. Amaieran laugarren postuan bukatu zuen, nahiz eta hirugarrena 20 segundora geratu zitzaion.

Jende asko batu zen Gasteizko Foruen plazan, eta beroa izan zen eguneko protagonista nagusia. Aizkolari bakoitzak, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Jauregik hasieratik hartu zuen aurrea, eta horrelaxe jarraitu zuen. Juanillo Rodriguez, Arabako Federazioan lizentzia duen aizkolari segoviarra, saiatu zen berari aurre egiten, baina ez zuen lortu, nahiz eta Jauregiri ez zion une bakarrean ere ez zion lasaitzen utzi. Amaieran, bien artean minutu erdi pasako aldea bakarrik zegoen.

Beste hirurek hirugarren posturako izan zuten lehia. Behin aurrena geratzeko aukerarik ez zutela ikusitakoan, podiumean izatea eta batez ere azken lekuan ez geratzea izan zuten helburu, azkena ez geratzea ere oso garrantzitsua baitzen. Amaierarako Kintana geratu zen atzera, eta berak itxi zuen sailkapena, baita maila galdu ere. Kortxerok eta Zubiagak amaierara arte izan zuten borroka, eta 20 segundoko aldea izan zen bien artean. 

16 minutu eta 13 segundo behar izan zituen Jauregik lanak burutzeko. Bigarren Rodriguez II.a sailkatu zen, 16.48ko denbora eginda. Hirugarren Kortxero (19.27), laugarren Zubiaga (19.47) eta azkena, berriz, Kintana (22.11).

Atzo jokatu ziren Arabako nesken Lokotx-biltze Txapelketa eta mutilen lasto-altxatzekoa ere. Nesketan, Frutos izan zen garaile. Zazpi minutu behar izan zituen lanak burutzeko. Anduaga eta Ircio sailkatu ziren bigarren eta hirugarren. Mutiletan, Lauzirika izan zen garaile 19 jasoaldirekin, eta Atutxa eta Alava sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, horrela podiuma osatuz. Lokotxekin lau izan ziren parte hartu zutenak, eta lastoarekin, berriz, bost.

Gaurkoa

Gaur ere, 12.00etan, herri kirol jaialdia izango da Gasteizko Foruen plazan, eta Arabako aitzurlarien finala jokatuko da. Kirol honetan Euskal Herrian jokatzen den txapelketa ofizial bakarra da. Lopez, Llanos eta Franco lehiatuko dira. Aitzurlari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Lopez eta Llanos izango dira garaipena lortzeko faboritoak. Iaz finala estua eta ikusgarria izan zen. 

Mutilen Arabako Lokotx-biltze Txapelketa ere jokatuko da, eta Ruiz, Alava, Uriarte, Lopez eta Lauzirika arituko dira horretan. Horiez gain, beste kirol batzuetako erakustaldiak ere izango dira Gasteizko Foruen plazan.