08 AGO. 2015 Aizkora Bost bikote izango dira Latasaren Oroimeneko Txapelketan J.L. 19.00etatik aurrera jokatuko da bihar, Sunbillako pilotalekuan, Latasaren Oroimeneko Txapelketa. Bost aizkolari bikote arituko dira nor baino nor, eta honako hauek izango dira: Nazabal eta Erasun, Atutxa II.a eta Mugertza II.a, Donato Larretxea eta Arria V.a, Otaegi eta Rekondo eta Azurmendi eta Olasagasti. Bikote bakoitzak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Izen handiak dira Sunbillan batuko direnak, eta neurketa honek, gainera, ikusmina ere ikaragarria piztu du. Datu bitxien artean, Donato Larretxeak eta Arria V.ak osatuko duten bikotea dago. Urte honen amaierarako elkarren aurkako apustua sinatuta dute, eta hari begira ari dira prestatzen. Jendeak jakin nahi du, nahiz eta oraindik asko falta den, nola dauden. Bikoteak ongi orekatuta eginak daude, eta binaka honelako saio gutxi egiten direnez, norgehiagoka aparta izango da. Askorentzat Atutxa eta Mugertza agertzen dira faboritoen artean, baina biak Ameriketako Estatu Batuetatik etorri berriak dira, Otaegi bezalaxe.