J.L.
Harri-jasotzea

Izeta II.a eta Eizmendi, faborito nagusiak

Donostiako Trinitate plazan jokatuko da gaur, 19.30ean, Igeldo Harria Txapelketa. 134 kiloko harri baldarrarekin lehiatu beharko dute bertan izena eman dutenek, eta bost minutuko txanda bana izango dute.

Honako hauek izango dira parte hartuko dutenak: Xabier Aranburu, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi, Izeta II.a, Izeta III.a, Jon Ander Maiza, Jagoba Otaegi, Telleria IV.a, Iban Ugartemendia eta Josetxo Urrutia.

Harri-jasotzaile asko izango dira lanean, eta tartean gazteak eta ikusle askorentzat berriak izango direnak ere bai. Baina, faboritoak aipatzerakoan, bi izen agertzen dira beste guztien gainetik, eta horiek Jokin Eizmendi, iazko txapelduna, eta Izeta II.a, harri honekin errege izan dena dira. Gauzak ikaragarri okertzen ez baldin badira, txapela bi hauen artean egon beharko litzateke, nahiz eta gainerakoak ere hauen hutsen baten zain egongo diren sailkapenean aurrera egin ahal izateko.

Nafarroako Herriz Herri Txapelketan, berriz, bigarren jardunaldia jokatuko da gaur eguerdian, 13.30ean, Asiainen. Bertan, Arraiotz, Artzanegi, Berriozar eta Menditarrak izango dira lanean arituko diren lau taldeak. Taldeek kirol ezberdinak egin beharko dituzte.