09 AGO. 2015 Harri-jasotzea Eizmendi zarauztarra gai izan da iaz lortutako txapelari eusteko Jokinek hamabi jasoaldi eman zizkion «Igeldo Harria» izeneko harri baldarrari.Aranburuk eta Telleria IV.ak, saioko gazteenek, lagundu zioten podiumean. Jon LEUNDA Jokin Eizmendik irabazi zuen atzo Igeldo Harria Txapelketa, eta iazkoari eutsi egin ahal izan zion. Izeta II.aren faltan, bera bihurtu zen faborito bakarra, eta zarauztarrak ez zuen hutsik egin. Azkenean hamar harri-jasotzaile lehiatu ziren 134 kiloko harri baldarrarekin, eta bost minutuko txanda bana izan zuten lanerako. Jendearen erantzuna ere ona izan zen, nahiz eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu. Zorionez, saioan zehar ateri eutsi zion. Eizmendik hamabi jasoaldi eman zizkion arrautza itxura duen harri baldarrari, eta horrekin nahikoa izan zuen garaipena erdiesteko. Ezustea Aranburuk eman zuen. Ezezaguna da ia denentzat, oso gutxi ikusitakoa, eta lan bikaina egin zuen, guztira hamaika jasoaldi eman baitzizkion, eta horrekin bigarren postua eskuratu zuen. Hasi aurretik inork gutxik usteko zuen emaitza hori. Telleria IV.ak egindako lana ere aitzakiarik gabekoa izan zen. Oraindik oso gaztea da, eta atzokoan aritu zirenen artean gazteena. Berak osatu zuen podiuma, hamar jasoaldi lortuta. Laugarren postua, berriz, Otaegik, beste gazte batek, eskuratu zuen, bederatzi jasoaldirekin, eta bat gutxiago eman zion Izeta IV.ak, bosgarren postua eskuratuz. Bederatzigarrena ere jaso zuen, baina denboraz kanpo izan zen, eta zortzirekin konformatu behar izan zuen. Seigarren posturako berdinketa egon zen, Maizak eta Galarragak seina jasoaldi lortu baitzituzten, baina kasu hauetan bi kirolarien artean arinena denak aurre hartzen du, eta horrek seigarren postua eman zion Maizari, eta Galarragak amaitu zuen zazpigarren. Zortzigarren postua Ilarramendirentzat izan zen, bost jasoaldirekin; bederatzigarrena, berriz, Ugartemendiarentzat izan zen, hirurekin, eta azkena Josetxo Urrutia leitzarra izan zen, jasoaldi bakar bat lortuta. Harriarekin asmatu ezinik ibili zen saio osoan zehar. Gasteiz Gasteizen, festekin batera gaur bukatuko dira herri-kirol jaialdiak, baina txapelketak atzo amaitu ziren. Arabako ingude-altxatze txapelketan Jon Lapazaranek eraman zuen txapela, 86 jasoaldirekin. Bigarren Lauzurika izan zen 81ekin, eta Francok osatu zuen podiuma. Nesken Arabako lasto-altxatze txapelketa ere jokatu zen, eta garaipena Ugartek eskuratu zuen, guztira 12 jasoaldi lortuta. Lekuona izan zen bigarren, bederatzi jasoaldirekin. Bi neska bakarrik lehiatu ziren. Azkenik, Arabako Binakako aizkolarien torneoa jokatu zen, eta Zubiagak eta Jauregik lortu zuten garaipena. EZUSTEAAranburuk eman zuen ezustea. Harri-jasotzaile ezezaguna da, ia batere ikusi gabekoa, eta atzo lan bikaina egin zuen, bigarren postua eskuratuz, hamaika jasoaldi lortuta. Txapeldunak bakar bat gehiago baino ez zuen jaso.