GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Arria V.ak txapela lortzeko bidea markatuta utzi du

Errezildarrak aise irabazi zuen Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketa.


Arria V.ak aida batean irabazi zuen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketa. Urte asko eman ditu lehiaketetatik kanpo errezildarrak, eta orain mailarik apalenetik hasi behar izan du. Atzo garbi utzi zuen txapela lortzeko faborito nagusia dela, eta maila hau txiki geratzen zaiola.

Jende asko batu zen Leitzako plazan lehen kanporaketa hau ikusteko asmoarekin, eta aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Bigarren kanporaketa abuztuaren 23an jokatuko da Gorritiko pilotalekuan, eta han ere, atzo bezalaxe, aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute finala jokatzeko txartela.

Arriak oso denbora ona egin zuen, 7 minutu eta 39 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko, eta oso zaila izango da bigarren kanporaketan ere inork bere marka hobetzea, eta ezeren okerrik ez dela ere, zaila izango da berari txapela kentzea. Arriak Hirugarren Mailako finala ez irabaztea, ezuste handia izango litzateke.

Agian ezustea bigarren postuan egon zen, han sartu baitzen Kañamares IV.a. 10 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Aroztegietako gazteak. Bi hauekin batera, Eneko Saralegik lortu zuen finalean aritzeko txartela. Leitzarrak, 11 minutu eta 11 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Ondorioz, hiru hauek finalean izango dira, datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko asmoarekin. Han izango ez dena, Alkizalete II.a da. Asteasukoarengan bazegoen itxaropenik, baina ez zen posible izan, nahiz eta gertu geratu zen. 11 minutu eta 23 segundo behar izan zituen lanak bukatzen, laugarren postua eskuratuz, eta finaletik at geratuz.

Hortik atzerakoen artean, denetik izan zen. Beltzak eskuratu zuen bosgarren postua. 11.41 izan zen bere denbora. Irazabalek seigarren postua eraman zuen (11.52). Hortik atzerakoen artean aldeak handi samarrak izan ziren. Zazpigarren postua Mielanjel Etxeberriak eskuratu zuen (13.34) eta zortzigarrena Etxeberria II.ak, aurrekoak baino segundo bat gehiago emanda lanean. Bederatzigarren Garcia sailkatu zen (14.11), hamargarren Jauregi (17.14), eta hamaikagarren eta azkena, Done Intxausti bizkaitarra (17.32).