Tubik ikaragarrizko marka eginez jantzi du txapela
Gipuzkoako lau txapel erabaki ziren herenegun iluntzean Aiako pilotalekuan, eta guztien gainetik Tubi nabarmendu zen, sekulako marka eginez jantzi baitzuen lasto-altxatzeko txapela.
25 jasoaldi lortu zituen Tubik, sekulako erakustaldia emanez, eta bigarren postuan Otermin sailkatu zen, nahiz eta honek ere lan ona egin zuen. 22 jaso zituen. Argaiak osatu zuen podiuma 17 jasoaldirekin.
Ingude-altxatzeko finala, berriz, Iker Goikoetxeak irabazi zuen, guztira 68 jasoaldirekin. Bigarren postua, Mikel Agirrek lortu zuen, 64 jasoaldirekin, eta hirugarrena, berriz, Ituartek 60rekin.
Patxi Ituarte izan zen, berriz, zaku-lasterketako garailea. Bere lanak egiteko 36 segundo behar izan zituen. Bigarren Mikel Agirre sailkatu zen 38 segundo pasarekin, eta Oskar Aranbarri hirugarren, 56 segundo pasarekin.
Txingetan, berriz, Lander Otermin izan zen nagusi, 8 plaza egin zituen, Gipuzkoako txapela lortuz. Bigarren Landa sailkatu zen, 6 plaza eta 4,05 metrorekin, eta Iker Goikoetxea, hirugarren, 5 plaza, eta 5,38 metrorekin.
Bizkaikoa
Joxe Lapazaran jaun eta jabe izan zen Bizkaiko lasto-jaurtiketako finalean, eta berak jantzi zuen txapela. 6 metroko marka egin zuen, eta beste inork ezin izan zuen gerturatu ere egin berak egin zuen lanera.
Oskar Perez sailkatu zen bigarren postuan, eta berak 5,20 metroko marka ezarri zuen. Marka berarekin, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Aitor De la Concepcionek, eta bost metroko markarekin laugarren geratu zen Santi Zubizarreta. Astrabuduan izan zen finala.