15 AGO. 2015 Harri-jasotzea Urruzuno buru dela jokatuko da Mallabiko Torneoa J.L. Mallabiko Hari-jasotze Txapelketa gaur jokatuko da, 17.30ean hasita, eta izena eman dutenak asko dira. Harri txikiekin egiten den saioa izaten da, eta maila horretan trebeak diren harri-jasotzaile ugari bertaratuko dira. Inhar Urruzuno, Izeta III.a, Mikel Lopetegi, Aimar Galarraga, Iñigo Izagirre, Xabat Olaizola eta Josetxo Urrutia izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta pisu bereko bolarekin aritu beharko du, eta harri bakoitzarekin bost minutuko txanda bati ekin beharko dio. Izen garrantzitsuak ere asko izango dira Mallabian, baina guztien gainetik Inhar Urruzuno nabarmentzen da. Bera da lehian arituko den bizkaitar bakarra, bera da herrialdeko txapelduna, eta harri txikiekin maila handia du. Zaila izango da berari txapela kentzea. Atzetik Izeta II.aren eskolako gazteak ere izango dira, Olaizola, Eizagirre eta Lopetegi, hirurak ere 19 urtez azpikoak, baina maila handian dabiltzanak, batez ere Lopetegi. Harri txikietarako itxaropen handiak daude jarrita Lopetegirengan, baita gaurko saiorako ere. Izeta III.a ere oso trebea da harri hauekin, eta aiarra ere saiatuko da aurrealde horretan ibiltzen. Kontuan hartu beharko da Urrutia bera ere. Ez zen pasa den larunbatean batere ongi moldatu Igeldo Harriarekin, baina gaurko lanak harekin ez dauka zerikusirik, eta saiatuko da lan on bat egiten. Nafarroako Herriz Herri Txapelketan, berriz, bihar Burlatan izango da saioa, 20.00etan hasita, eta han arituko dira Menditarrak, Arraioz, Basaburua eta Bera. Saio konbinatua izango da, eta seguruenik ere jende asko batuko da, zaleentzat oso gustagarria izaten baita herri kiroletan dauden kirolik gehienak bata bestearen atzetik ikustea. Menditarrak oso indartsu agertu da azkeneko jardunaldi hauetan, eta agian berriro ere txapelketa irabazteko faborito nagusia izango da.