Millennium wave Historia egin zuen olatu erraldoia
Gaur hamabost urte betetzen dira Laird Hamilton olatu handietako surflari ospetsuak Teahupoon ezinezkoa zirudien olatu bat hartuzuenetik. «Millennium wave» izena jarri zioten. Olatu hark munduko surflari guztiengan eragin zuen, aro berri baten hasiera zen.
Egunotan Teahupoon dira lehen mailako lehiakideak. Munduko olatu borobil eta arriskutsuenetako batean biltzen dira urtero TOP 34 lehiakideak eta dauden lekuan zergatik dauden frogatzera behartuak daude. Teahupoo surflari onenentzat ere proba zaila baita.
Aurten, gainera, txapelketa egunekin bat egin du “Millenniun wave” olatua hartu zen egunaren hamabosgarren urteurrenak. Hona hemen historia egin zuen olatu haren istorioa.
Teahupooko historia
Tahiti Iti izena du Teahupoo urautsia aurkitzen den uharteak, nahiz eta Tahiti bezala ezagunagoa izan. Azken urteetan, olatu beldurgarri bezain eder honetan ateratako milaka irudi ikusi ahal izan ditugu. Munduko olatu zailenetako bat da.
Egun, munduko tubo handienak bertan hartzen dira, eta hori, hein batean, gaur bezalako egun batez, orain hamabost urte Laird Hamilton surflari hawaiiarrak hartu zuen olatu bati esker dela esan daiteke.
Thierry Vernaudon surflari tahitiarraren esanetan, bera izan zen Teahupoon surf egiten lehena. 1985. urtean izan zen, Thierry bertako beste zenbait surflarirekin urautsira gerturatu eta surf egiten aritu zen. Ez ziren olatu handiak hartzen aritu, baina lehen urratsa eginda, urrezko ate bat ireki zen.
1986. urtean Mike Stewart eta Ben Severson bodyboard zale profesionalak izan ziren Teahupooko olatua ezagutu zutenak, eta haien ostean, soilik bodyboard zale eroentzako olatuaren fama hartu zuen Teahupook.
90eko hamarkadan zenbait surflari ere gerturatu zen Teahupooko olatua hartzera, baina oraindik ia olatu ezezaguna izaten jarraitu zuen txapelketak egiten hasi ziren arte. 1997. urtean WQS txapelketa bat egin behar zuten, baina itsaski handiegia izan zen, eta bertan behera utzi zuten saiakera. Hurrengo urtean, ordea, oihartzun handia izan zuen lehiaketak, sekulako tubo festa izan baitzen.
1999. urtean WCT zirkuituan sartu zuten Teahupoo, eta horrela, munduko surflari ezagunenak Tahitiko arrezife esanguratsuenean bildu ziren. Lehiakide askok ez zuen olatu hura ezagutzeko batere gogorik; izan ere, beste surflari batzuei entzundako istorio beldurgarriak egiazkoak ziren, olatu hura Pipeline baina astunagoa zen.
Urautsi ondoko ubidea argazkilari eta erreportariz jositako txalupekin bete zen eta han hartutako irudiek munduari buelta eman zioten. Mark Occhilupo australiarrak irabazi zuen txapelketa hura eta baita urte hartako titulu mundiala ere.
2000. urteko txapelketa tragedia batekin hasi zen. Briece Taerea bertako surflariak bizia galdu baitzuen egun gutxi batzuk lehenago Teahupoon surf egiten ari zela. Antza, olatu bat azpitik pasatzen ari zela aparrak arrezifearen kontra bota eta kolpearen ondorioz bi egun egin zituen koma egoeran hil aurretik.
Urte hartan Kelly Slater izan zen irabazlea, baina Andy Ironsek olatu hartan erakutsi zuen maisutasunagatik “Teahupooko erregea” goitizena jarri zioten.
2000. urteko abuztuaren 17an sekulako itsaskia izan zen Polinesia Frantseseko itsasbazterrean. Egun hartan, parean zuen uhartea irensteko zetorren munstro erraldoi bat zirudien Teahupooko olatuak, baina horrek ez zuen Laird Hamilton hawaiiarra kikildu. Uretako moto baten laguntzaz ordura arte inork inoiz hartu zuen olaturik beldurgarriena hartu zuen. Haren ostean Hamiltonek negar egin omen zuen, pozarren zen, baina dudarik gabe, olatu hartan erori izan balitz ez zatekeen handik bizirik aterako.
«Millenniun wave»
Haizerik gabe, bare eta garbi zen hodeiertzean, gero eta ilunagoa bilakatzen hasi zen lerro urdin bat zen. Laird Hamiltonek tow-in taula oinei atxikita zeukan, eskuetan uretako motoari lotzen zion soka zeukan eta Darrir Doerkner bere lagunari bultzatzeko keinua egin zion. Gero eta abiada handiagoan, zeharka, hondo lehorrean jazotzen hasi zen olatu munstroaren erraietara jo zuen Laird Hamiltonek, eta han desagertu zen istant batez, ez airerik, ez zaratarik ez den eremu bortitz bezain zoragarrian.
Tubotik atera ostean, sinetsi ezinik ubidera egin zuen arraun, han taularen gainean eseri eta negarrez hasi zen. Teahupoon hartutako olatu hura inflexio puntu bat izan zen olatu munstroen historian eta ordutik antzeko beste olaturik hartu izan bada ere, ez du izan egun hartan gertatutakoak izan zuen ondoriorik, olatu hark marka guztiak hautsi eta ezinezkoa zirudiena egingarri bilatu baitzen. Ordutik olatu hark izen propioa du, “Millenniun Wave” bezala da ezaguna surflarien artean.
Gaur hamabost urte izan zen, 2000. urteko abuztuaren 17an, hain zuzen ere. Ez zen tamaina handiko olatu arrunt bat izan. Tsunami baten moduan, ur azala bitan erdibitu eta ia sakonerarik gabeko eremu batean zazpi metroko desnibel bat jasoko balitz bezala izan zen. Ordutik, olatu honen forma bitxia oso ezaguna egin da, baina orduko hartan ulertzea ere kosta egiten zen urautsi mota bat zen.
Ozeano Baretik datorren ur masak hondoa jo eta bat-batean jaurtitzen dituen milioika ur tonak surflariaren gainetik pasatzen dira kasurik onenean, eta energia leherketa horrek olatuaren barrualdetik ur zurrusta indartsu bat igortzen du sifoi moduan. Horri esker lortzen du sarri surflariak tuboak irentsia ez izatea. Istripu oso larriak izan daitezkeen eremua bat da Teahupooko olatua lehertzen den lekua eta, Hamiltonen kasuan bezala, olatuak handiak direnean, bizia bera ere arriskuan jartzen du surflariak.
Sei segundo eskas baino ez zituen iraun “Millennium” olatuak, baina nahikoa izan zen munduko surflari guztien buruan ikuspegi aldaketa eragiteko. Hamiltonek zera esan zuen: «Marra gorria gainditu zen eguna izan zen. Orduan ikasi baikenuen, bai nik eta bai gainerako surflariek ere, halako olatuak hartzea posible zela, eta ordutik asko izan dira antzeko olatuak hartu dituztenak». Handik hamar urtera Hamiltoni egin zioten elkarrizketa batean olatu hura oso ongi oroitzen zuela zioen; izan ere, behin olatua amaitu ostean ere hausnartzen jarraitu zuen. Hala deskribatzen zuen izandako esperientzia:
«Oroitzen dut olatuaren hormaren handitasuna hau jasotzen ari zen heinean, horma bikoitza, eta orduan neure burua lekuan kokatzen, eta orduan, oraindik hormak handitzen jarraitzen zuen. Orduan, nire sorbalda batean aingerua eta bestean deabrua eramango banitu bezala izan zen, eta eman behar nuen hurrengo urratsa zein zen pentsatzen nuenean, batak salto egiteko esaten zidan eta besteak berriz, jarreran mantentzeko, segi, salto, segi, salto... eta horrela nindoan aurrera...zorionez aingeruak irabazi zuen, ez nuen salto egin eta onik atera nintzen, halako zerbait egiteko modu bakarra da».
“Riding Giants”, olatu handiei buruz egin den erreportaje ospetsuenean, olatu hau honela deskribatzen dute, «The single most significant ride in surfinghistory», alegia surfaren historian olatu bakar batek izan zezakeen garrantzia kontuan hartzen bada, olatu hau derrigor aipatu beharrekoa da.
Gaurkoa, beraz, surfaren historian izandako gertakari garrantzitsu bat oroitzeko egun aproposa da.