18 AGO. 2015 GUTUNAK Pasaiako Udaltzaingoari JUANAN LEGORBURU Esanekoa naiz, eta Pasaiako udaltzain batek telefonoz esan zidanari jarraiki, salaketa orri bat idazten ari naiz. Hona: Gauero hiru eta lau kotxek lo egiten duten leku batean kotxea uzteagatik amari erosketak igo eta jaso bitartean, isuna jarri zidaten. Udaltzainak gaztelera hutsean idatzi zuen isuna. Hurrengo egunean joan nintzen Pasaiako udaletxera ordaintzera. Beharko azkar mugitu, hiru egun baino ez bainituen, isunaren erdia baino gutxixeago ordaindu nahi izatekotan. Harreran zegoen neskari isuna ordaindu nahi nuela esan nion, baina aurretik euskaraz jar ziezadatela nahi nuela adierazi nion. Udaltzain batekin jarriko ninduela esan zidan, eta halaxe egin zuen. Ez dakit udaltzain hutsa zen ala udaltzainburua zen. Izenik ere ez zidan esan, baina euskaraz aritu ginen. Eskuetan nuen isuna euskaraz idatz ziezadatela nahi nuela esan nion. Berak, hori ez zuela egingo. Isuna ordaintzeko eta nahi banuen salaketa orria idazteko erantzun zidan. Nik ekin: isuna ordaintzeko prest nengoela, baina beherapenarekin, eta salaketari erantzuterako hiru eguneko epea bukatuko zela eta nire eskubidea zela isuna euskaraz jasotzea. Hark berriro, ez zuela hori egingo, eta, nahi banuen, salaketa orria idazteko. Ba, horretantxe ari naiz eta hauxe adierazi nahi diot Pasaiako Udaltzaingoari eta, hortaz, Pasaiako Udalari: euskaraz zigortu nazazuen nahi dut, euskaraz zigortu gaitzazuen eskubide osoa dugu, eta zuen kasa egingo ez baduzue, hala eskatuz gero gure nahia bete beharko luke Pasaiako Udalak, euskaraz bizi nahi dugunon eskubidea baita. Isuna ordainduta dago eta salaketa orria ere idatzi dut. Ea aintzat hartzen duzuen, nire kotxea han izango baita hurrengo batean ere amari erosketak eraman eta jaso bitarte.