19 AGO. 2015 Aizkora Aitzol Atutxak irabazten eta gozatzen jarraitzen du Bizkaitarrak ez zion inongo aukerarik eman Jon Rekondori, Gernikan jokatu zen Urrezko AizkorakoTxapeldunen Ligako saioan. Euskal Herriko txapeldunak orain arte jokatu dituen proba guztiak irabazi ditu. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak bolada gozoan jarraitzen du, eta Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa irabazi egin zion herenegun gauean, Gernikan, Jon Rekondori. Bizkaitarra sasoiko dago, gozatzen ari da aizkoran, eta hori saio bakoitzean nabaritzen zaio. Gernikako ekinaldian Jon Rekondok ez zuen izan inolako aukerarik, proba guztietan hartu baitzion gain Atutxak. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko aurrenekoa eta Aitzolek 39an bota zuen, eta bosten aldea kendu zion Joni. Jarraian, erlojuz kontra tamaina bereko enborra bota behar izan zuten, eta minutu bat eta bi segundo behar izan zituen Atutxak, eta lau segundo gehiago leitzarrak. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta oraingoan berdindu egin zuten. Minutu eta 48 segundoan burutu zuen lana Atutxak, eta Rekondok ere denbora bera behar izan zuen. 60 ontzako enborrarekin ia dena erabakita geratu zen. Enbor bakarra izan zuten ebakitzeko, baina alde dezentea lortu zuen, eta lehen zuenari gehituta, nahikoa bideratuta utzi zuen saioa Atutxak. Lan hau, 3 minutu eta 18 segundoan amaitu zuen, eta 45 segundo sartu zizkion Rekondori. Saio bakar bat, iraupen proba, geratzen zen jokatzeko, eta Atutxak ia minutu baten aldea zeukan alde. Sei kana-erdiko ebaki behar zituen, eta bizkaitarraren sasoia ikusita, ezinezkoa zirudien garaipena Leitzara joatea, eta horrelaxe izan zen. Iraupen probako lanak amaitzeko, 15 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Aitzolek, eta 34 segundo gehiago, berriz, Jonek. Horrekin, aurreikuspenak bete egin ziren, eta saio hau Atutxak eraman zuen. Lan guztiak egiteko, 22 minutu eta 40 segundo behar izan zituen, eta Rekondok, berriz, 24 minutu eta 6 segundo. Nabarmentzekoa da txapelketa honetan jokatutako proba guztiak irabazi egin dituela Aitzol Atutxak