GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Bost kirolari lehiatuko dira Elgoibarko Torneoan


Bost harri-jasotzaile lehiatuko dira gaur 18.00etan Elgoibarko Torneoan, eta Joseba Ostolatza izango da berrikuntzarik handiena. Zestoarra aspaldian ez da txapelketetan ikusi, nahiz eta erakustaldiekin aurrera jarraitu duen, baina gaur, Elgoibarren, torneo batean arituko da.

Lanean ez da bera bakarrik arituko, izan ere, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Xabier Aranburu eta Jokin Ugartemendia ere neurtuko dira. Jokin Eizmendi izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Maila oso oneko kirolariak bertaratuko dira, eta seguruenik ere ez da ikuskizunik faltako.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan indartsu jarraitzen du Aitzol Atutxak, mendean hartu baitu Donato Larretxea Bilbon, eta, orain artean, jokatutako lehia denak irabazi baititu.

Kolpekako lanean, 39an bota zuen Atutxak 45 ontzakoa eta 14 kendu zizkion nafarrari. Ondoren, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. 58 segundoan amaitu zuen Atutxak, eta minutu eta 12 segundoan Larretxeak. Hirugarren saioan, bakoitzak 45 ontzakoa zutik ebaki behar izan zuten, eta bizkaitarrak minutu eta 45 segundoan amaitu zuen lana, eta zazpi segundo gehiago behar izan zituen nafarrak.

60 ontzakoa ebakitzea izan zen ondorengo lana, eta Atutxak 4 minutu eta 26 segundoan burutu zuen, eta 36 segundo gehiago sartu zizkion Donatori. Azkenik, iraupen proba  jokatu behar izan zuten, eta bakoitzak sei kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Atutxak 16 minutu eta 30 segundo behar izan zituen, eta 19 segundo gehiago, berriz, Larretxeak.