GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Larralderik eta Ducassourik gabe jokatuko da Larresoroko Torneoko finala


Ikusmin handia dago Larresoron, gaur bertako Torneoko finala ikusteko. Ustekabekoa izango dute, denek espero baitzuten Ducassouren eta Larralderen arteko beste dema bat, baina bietako inor ez da izango.

Ospital eta Ezkurra Lanbert anaien aurka neurtuko dira. Ez dago faborito garbirik, baina dirua aurreneko bikotearen alde atera daiteke. Azkeneko Torneoa eurek irabazi zuten eta oso bikote polita osatzen dute. Finalerdia aise irabazita datoz.

Lanbert anaiek iaz sekulako uda egin zuten, baina aurten, orain arte, behintzat, ez dira maila berean ibili. Uda amaitzerako txapelen bat lortu nahi dute, eta gaur izango dute horretarako aukera.

Pausoa

Joko berriko finala jokatu zen Biriatun, eta Zigarroak eta Harizmendik 40 eta 30 hartu zituzten mendean Elgart eta Bilbao. Norgehiagoka polita izan zen hasieran, baina gero, partida irabazi zuen bikoa aldea handitzen joan zen, eta garaipen erosoa lortu zuen azkenean.