04 SET. 2015 sokatira Euskal tiralariek bi urrezko domina lortu dituzte Gaztedik eta Goiherrik bikain abiatu dute Europako Txapelketa. Jon LEUNDA Gaztedik eta Goiherrik urrezko domina bana lortuz abiatu dute Europako Lur Gaineko Txapelketa. Biek 560koan lortu zuten, baina aurrenekoek nesketan eskuratu zuten, eta bigarrenek, berriz, mutiletan. Euskal Herriarentzat ezin hobeto hasi da Europako txapelketa. Emaitza onak espero ziren, euskal tiralariak faboritoen zerrendan zeuden, baina aurreneko egunean bi urrezko domina lortzea aurreikuspenik onenak bete ditu. Gainera, aurten aurreneko aldiz Euskal Herri bezala parte har dezakete, beste herrialdeen baldintza beretan. Aurreneko bi egun hauetan kluben mailako lehiaketak jokatuko dira, eta bihar eta etzi selekzioenak izango dira. Gaztedi izan zen urrezko domina lortzen aurreneko taldea. Bera zen lanen aritu zen euskal talde bakarra, baina lan latza egin zuen. Lehen fasean multzo nahiko zaila egokitu zitzaien, baina hura gainditu, eta jarraian baita finalerdia eta finala ere, eta garaipen handia lortu zuten. Suitzarrak izan ziren aurkaririk gogorrenak. Goiherri, berriz, arratsaldean aritu zuen, orduan jokatu baitzen mutilen 560ko saioa. Lehen fasea gainditu, eta finalerdia ere bai, nahiz eta kitarakoa jokatu behar izan zuen. Azkenean urrea kolkoratu ahal izan zuen. Hauek ere suitzarrak izan zituzten aurkaririk gogorrenak, herrialde horretakoak baitziren bai bigarren, Stans Oberder, eta hirugarren sailkatu zen Sins taldeak. Gaztedik, berriz, ezin izan zuen finalerdietara iritsi. Mutilak 680koan ere aritu ziren, Mutriku izan zen lanean aritu zen euskal talde bakarra, baina aurrez iragar zitekeen moduan, ezin izan zuen lehen fasea gainditu. Mistoen 600ekorako ere bazegoen itxaropenik, han Gaztedi aritu baitzen, baina bizkaitarrek ezin izan zuten finalerdietara iritsi, eta dominarik gabe geratu behar izan zuten azkenean. Hala ere, lehen egunean lau mailatan aritu eta bi urrezko domina lortzea ez dago batere gaizki. Aukerak Gaur kluben bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta euskal tiralariek dominak pilatzen jarraitzeko aukera izango dute. Aukera handienak nesken 520koan eta mutilen 600ekoan izango dituzte, nahiz eta atzokoan lortutakoa errepikatzea oso zaila izango den.