Uharten jokatuko da Nafarroako kanporaketa
Bihar, 17.30etik aurrera jokatuko da Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuan, Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa. Bertan, Nazabal, Rekondo, Oihan Larretxea, Ruben Saralegi, Juanjo Lopez, Julen Kañamares, Donato Larretxea, Iker Vicente eta Mieltxo Mindegia izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Ander Erasun ere aritzekoa zen, baina min hartuta dago, eta ezingo da lehian aritu.
Aizkolari bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu, eta aurreneko bost sailkatuek finala jokatuko dute Etxarri Aranatzen, urriaren 4an. Azkeneko biek maila galduko dute, baina azken-bigarren geratzen denak Erasunen aurkako kanporaketa jokatzeko aukera izango luke.
Leku berean, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala jokatuko da. Zuñiga eta Landiribar, Maiza eta Cano, Irigoien eta Etxenike eta Maritorena eta Irigoien arituko dira. 45 ontzakoa zutik jarrita lau epai eman beharko dizkiote, eta hamar etzanda jarrita.
Bihar jarriko da abian Eltziegon Urrezko Aizkolarien Kopa, 13.00etan, eta aurreneko saio honetan, alde batetik Irazu eta Zaldua arituko dira aurrez aurre, baita Larrañaga eta Mujika ere. Bakoitzak, zortzi kana-erdiko ebaki beharko ditu.
Arratzun, berriz, Bizkaiko harri-zulatzaileen Txapelketa jokatuko da bihar, 13.30ean, Loiola plazan. Sei talde arituko dira lehian.