21 SET. 2015 JOKOAK Nafarroa Garaiak erabateko nagusitasuna erakutsi du Zazpi Herrialdeetako Txapelketako podiuma Gipuzkoak eta Bizkaiak osatu zuten. Atzetik, Lapurdi eta Araba sailkatu ziren. Jon LEUNDA Nafarroa Garaiak irabazi egin zuen, herenegun, Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Izenak gauza bat esaten badu ere, lehiaketa hau bostekoa izan zen, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ez baitziren aritu, eta Lapurdik eta Arabak ez zituzten lehiaketa guztietan lehiakideak aurkeztu. Leku bikaina aukeratu zuen Nafarroako Federazioak hau jokatzeko, eta jendearen erantzuna ere oso ona izan zen, ikusle ugari bertaratu baitzen berez urteko lehiaketarik garrantzitsuena izan beharko lukeena ikusteko, nahiz eta hortik oso aparte dagoen. Hamar kirol ezberdin egin behar izan zituen herrialde bakoitzak, eta Nafarroa ez zen orokorrean bakarrik izan onena, kiroletan ere nagusi izan zen, hamarretik bostetan nagusitu baitzen. Nafarroa Garaiak aipatu bezala, bost kiroletan eraman zuen garaipena. Horrela, lokotx-biltzen, Eder Goldarazena izan zen onena, Nafarroari lehen garaipena emanez. Mielanjel Sukuntza leitzarrak eman zion bigarren garaipena, eta berak txingekin irabazi zuen, txapelaren bidean jarriz. Hala ere, gero txapela jantziko zuen taldeak lortu zuen azkeneko garaipena ez zen izan. Aizkorbek, Aguasek eta Santamariak osatutako taldeak irabazi egin zuen zaku lasterketan. Sokatiran, aldiz, Abadiño bazen ere faboritoa, Beti Gaztek eraman zuen garaipena; eta azkenik, trontzan ere irabazi egin zuen Nafarroa Garaiak. Kañamares III.a eta Eugi ziren faboritoak eta ez zuten barkatu, garaipena lortu baitzuten. Gipuzkoa sailkatu zen bigarren postuan, eta hamarretik bi proba besterik ez zituen irabazi, eta biak, gainera, aurretik ere ikusten zirenak. Lasto altxatzen Tubik bereganatu zuen, eta gipuzkoarren lehen garaipena izan zen. Bestea Aimar Irigoienek irabazi zuena izan zen. Bera ongi dagoela, gaur egun ez dago errezildarrari itzalik egingo dionik, eta aparteko arazorik gabe bereganatu zuen proba hau. Bizkaiak ere bi saio eraman zituen, eta hauek ere aurretik pentsa zitezkeenak izan ziren. Aizkoran Aitzol Atutxak lortu zuen garaipena, eta orga jokoan, Ousmane Dramek irabazi zuen. Senegaldarra Barakaldon bizi da azkeneko urte hauetan, eta kirol honetan jaun eta jabe bihurtu, eta txapelduna da. Araba Arabak ere lortu zuen garaipen bat, eta ingude altxatzen izan zen, hor Jon Lapazaran, faboritoa, gailendu baitzen. Horrela, hamar kirolak osatuz. Lapurdi geratu zen garaipen bakar bat ere eskuratu gabe, nahiz eta sailkapen nagusian bere atzetik geratu zen Araba. Bizkaiak bi proba irabazita hirugarren postuan amaitu zuen. Kontuan hartu behar da Tubi eta Lapazaran bizkaitarrak direla, nahiz eta egun Gipuzkoan eta Araban duten lizentzia, eta horregatik ordezkatu zituzten aipaturiko herrialdeak. Horrek zer pentsatu ere eman beharko lioke Bizkaiari, azken urteotan barruko giroa ez baita oso ona. Baina ez Bizkaian bakarrik, baita Lapurdin ere. Txapela lortzetik oso gertu jartzera ere pasatu zen, baina barruan arazo asko dituzte. Haserreak eguneroko ogia bihurtu dira, eta kirolari ugarik Lapurditik kanpo atera dituzte lizentziak, eta ondorioz ez dira Lapurdi ordezkatzen aritu. Hiru edo lau puntakoak dira, eta hauek hemen izan balira, seguru askoz ere puntu gehiago batu eta postua ere hobea izango zuela Lapurdik. Egoera hori dela-eta, kirol ugaritan ezin izan zuten ordezkaririk atera, eta hortaz, hasterako ekinaldi baten baino gehiagotan punturik gabe geratu ziren, aukerak galduz. Gauza bera gertatu zitzaion Arabari ere, baina kasu honetan jende faltagatik. Nafarroak 40 puntu batu zituen, bigarren Gipuzkoa izan zen, 32 punturekin, hirugarren, Bizkaia, 31 punturekin, laugarren Lapurdi, 22rekin, eta azkena Araba, 21ekin. Txapelketak norabidea zehazteko garaia du Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketak urteko lehiaketarik garrantzitsuena izan beharko luke, baina garbi dago hortik oso aparte dagoela. Federazio askorentzat beste barne lehiaketak garrantzitsuagoak dira, eta kirolari askorentzat ere bai. Garbi dago, bere norabidea zehaztu arte, zaila izango dela duen garrantzia ematea. Hasteko, herenegun, zazpitik bik huts egin zuten. Zuberoak askotan izaten ditu taldea osatzeko arazoak. Kirolari askok herri kirolak eta errugbia uztartzen dituzte, eta datei begiratu behar izaten diete. Nafarroa Behereak, aldiz, dataz okertu zela, eta uste baino lehenago izan dela eta ezin izan duela talderik osatu esan zuen. Azken batean, aitzakia usaina du horrek, baina kontuak kontu, bi talde falta ziren. Horiei, beste bi erdi gehitu behar zaizkie, horrela joan baitziren Araba eta Lapurdi. Araban jende gutxi ari da herri kirolak egiten, eta zaila da baldintza horietan taldea osatzea, nahiz eta kirol batzuetan herrialdeko txapeldunak falta zituzten. Lapurdiren kontua, berriz, bestelakoa da. Talde bikaina osatu dezake, baina barruan interes eta haserre asko dituzte, eta txapelaren borrokan ibiltzetik, doi-doi parte hartzera pasatu da. J.L.