22 SET. 2015 Aizkora Nazabalek faborito izaten jarraitzen du Jon LEUNDA Floren Nazabalek ez zuen ezusterako tarterik utzi eta berak lortu zuen herenegun Nafarroako Lehen Mailako kanporaketako denborarik onena. Berarekin batera, Iker Vicente, Jon Rekondo, Juanjo Lopez eta Ruben Saralegi sailkatu ziren. Oihan Larretxeak eta Mieltxo Mindegiak galdu dute maila, nahiz eta azken honek Ander Erasunen aurka kanporaketa jokatzea eskatu dezakeen. Erasun min hartuta dago eta ez zen aritu. Ondorioz, Mindegiak eskaera egiten badu, jokatu egin beharko du. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen, eta Etxarrikoak argi eta garbi utzi zuen txapela lortzeko faborito nagusia zein den. Lan guztiak burutzeko, 14 minutu eta 33 segundo behar izan zituen. Bigarren postua izan zen Iker Vicenterentzat. Otsagabiko gazteak sekulako lana egin zuen berriro ere. Oraindik gazte mailako adinean dago, baina jadanik gorenera gerturatzen ari da. Berak, 15 minutu eta 27 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Juanjo Lopez beteranoak osatu zuen hirugarren postua. Lezaungoaren helburua ere finalean sartzea zen, eta hori lortu zuen. 15 minutu eta 41 segundo eman zituen bere lanak amaitzeko. Laugarren postua Jon Rekondorentzat izan zen. Leitzarrak, 16 minutu eta 3 segundo behar izan zituen, eta finalerako azkeneko txartela Ruben Saralegik eskuratu zuen, bere lanak, 16 minutu eta 26 segundoan amaituta. Atzetik, Donato Larretxea, Julen Kañamares, Mieltxo Mindegia eta Oihan Larretxea sailkatu ziren. Herenegun hasi zen baita ere, Urrezko Aizkolarien Kopa, eta bertan bi kanporaketa jokatu ziren. Lehiaketa honetan lanak erabat aldatu dituzte antolatzaileek, eta lehengo usadio zaharrera itzuli dira. Sei kana-erdikotara neurtu ziren, eta ustekaberik ez zen egon. Kanporaketa batean Jon Irazuk Xabier Zaldua hartu zuen mendean, eta beste kanporaketan berriz, Mikel Larrañagak gauza bera egin zuen Jexuxmari Mujikarekin. Trontza Nafarroako Trontzalarien Bigarren Mailako finala ere jokatu zen herenegun, eta azkenean garaipena Etxenikek eta Irigoienek lortu zuten. Horri esker, datorren denboraldian Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratu ahal izan zuten. Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari, eta tamaina bereko enborrari ere, baina kasu honetan, zutik jarrita, lau eman zizkioten. Lau bikote neurtu ziren, eta norgehiagoka oso polita eta ikusgarria eskaini zuten. Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketarekin batera jokatu zen final hau ere. Bigarren postuan Maiza eta Cano sailkatu ziren, askorentzat faborito zirenak, hirugarren Maritorena eta Irigoien geratu ziren, eta Landiribarrek eta Zuñiak osatu zuten sailkapena.