26 SET. 2015 Aizkora Lehen Mailako finalerako sei txartel banatuko dira Aian Azkeneko bi sailkatuek, berriz, Bigarren Mailara jaitsi beharko dute. Jon LEUNDA Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien txapelketa izaten da bai aizkolaritzako eta bai herri kiroletako urteko ekitaldirik garrantzitsuena, eta horren atarian gaude, bihar, 12.00etan Aiako pilotalekuan kanporaketa jokatuko baita. Aurreneko seiek urriaren 12ko finalerako txartela lortuko dute, eta azkeneko biek, berriz, maila galdu egingo dute. Guztira hamabi aizkolari ziren izatekoak, baina Ander Erasun min hartuta dago, eta pasa den astean Nafarroako Lehen Mailako kanporaketan bezalaxe, hemen ere ez da izango. Horrela, bihar hamargarren geratzen den aizkolariak haren aurka kanporaketa jokatzeko aukera izango du. Gainerako aizkolariak honako hauek izango dira: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Joseba Otaegi, Jon Irazu, Joxemari Olasagasti, Floren Nazabal, Jon Rekondo eta Juanjo Lopez. Aizkolari bakoitzak finalean egin beharko duen lanaren erdia egingo du bihar, horrela, bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Postu guztietarako ikaragarrizko borroka iragartzen da. Azkeneko hiru urteetako txapeldunak, Atutxa, Azurmendi eta Nazabal bertan izango dira, eta gauzak normal joanda, denek hiru hauek finalean ikusten dituzte. Hortik aurrera edozein sar daiteke, eta baita jaitsi ere. Hiru faboritoak eurak ere gogor saiatu beharko dira, izenagatik bakarrik ez baitira finalean sartuko. Txapelketa honetako berriak Mikel Larrañaga eta Mugertza II.a dira, iazko Bigarren Mailako txapelduna eta bigarrena. Biak ere gazteak, oraindik maila honetan aritu gabeak. Berriak izan arren, askok finalean ere ikusten dituzte, baina lekua seirentzat bakarrik egongo da. Mailari eusteko ere borroka ikaragarria espero da.