28 SET. 2015 HIMALAIA «Askatasun taupadak»,Thalay Sagar-eko proposamena Alex Txikon, Txus Lizarraga, Adrian Legarra, Ekaitz Maiz, Felix Criado eta Daniele Nardik mendiaren ipar-mendebaldeko zutoinean 520 metro berri zabaldu dituzte: M5/6, A3 eta WI4+. Eskalatutako beste 700 metroak Stephan Siegrist eta enparauen bidekoak dira. Andoni ARABAOLAZA Amaitu da dagoeneko, “Thalay Sagar 2015” espedizioaren egitekoa. Xede nagusitik, hots, gailurretik urruti geratu dira; baina, hala eta guztiz ere, Indiako Himalaian dagoen 6.904 metroko mendiaren ipar aurpegian 520 metro berri zabaldu dituzte. Espedizioaren hausnarketa honakoa izan da: «Gailurrik lortu ez dugunez, helburua ez dugu betetzat ematen. Baina eginiko lanarekin gustura gaude. Geure onena eman dugu, eta ‘Askatasun taupadak’ bidea da horren emaitza eta errepikatzaileentzako erronka». Thalay Sagar mendian egin den saioaren protagonistak Txus Lizarraga, Adrian Legarra, Ekaitz Maiz, Felix Criado, Daniele Nardi eta Alex Txikon izan dira. Seikoteak mendiaren ipar aurpegian jarrita zituen begiak, eta haren aurrean paratu arte ez zuten behin betiko erabakia hartu. Hots, zein bidetatik jarraitu edo marra berria zabaldu. Azkenean, 2004. urtean Stephan Siegrist eta enparauek zabaldutako bidean (“Harvest moon”) sartu ziren: «Bigarren kanpalekura arte (6.039 m), hots, paretaren oinarrira arte marra hori jarraitu genuen; 60 eta 80 graduko elur zein izotzezko aldatsak. 700 metro horiek soka finkoekin ekipatu genituen, besteak beste, goiko zutoina eskalatzeko beharrezko tresneria garraiatu ahal izateko». Hilaren 6a zen sekzio hori gainditu zutenean, eta han bertan arestian aipatu dugun bigarren kanpalekua atondu zuten. Hamakak jarri ondoren, espediziokideak pronto ziren ipar-mendebaldeko zutoinari ekiteko. Bertan hiru gau igaro zituzten, eta, laugarrenean, zutoina bide arruntarekin lotzen duen rappeleraino eskalatzea lortu zuten. Guztira, 520 metro eta honako zailtasunak: M5/6, A3 eta WI4+. Tarte berri honi “Askatasun taupadak” deitu diote. Protagonistek azaldu dute zutoin horretan eginiko eskalada motela izan dela: «Izotzean eta artifizialean asko eskalatu dugu. Hala ere, arroka kalitate oso onekoa zen, baina artesietan izotz askorekin egin dugu topo. Eta paretan etzaten zenean, elurrarekin. Horrez gain, -10 graduko tenperaturak izan ditugu, beti itzalean eta 6.000 metrotik gora... Eta horrek guztiak geure lanak mantsotu zituen. Alabaina, luze bikainak eskalatu ditugu. Azpimarratzekoak: laugarrenak zuen “hutsunea” (30 metroko sabai zoragarria), zazpigarreneko offwidth-a eta guretzat erreferentea zen zortzigarreneko sabai beltza (A3). Luze horretan zailtasun tekniko handienak amaitu ziren. Gainera, eguterara heldu ginen». Zutoin ederra Guztira, ipar-mendebaldeko zutoinean hamaika luze berri zabaldu dituzte. Irailaren 11n, hiru luze falta zitzaizkien zutoina poltsikoratzeko. Denen buruan tontor saioa zegoen: «Oraindik offwidth-a gainditzeko genuenean gauak harrapatu gintuen. Ezinezkoa egin zitzaigun hirugarren kanpalekura heltzea. Bigarren akats edo ezustekoa ere izan genuen. Poleekin bizkar-zakuak igotzen ari ginela, motxila baten heldulekua hautsi eta paretan behera erori zen. Petate horrekin batera, eskaladan aurrera egiteko ezinbestekoa zen bi kideren materiala galdu zen. Horren ondorioz, biharamunerako tontor saioa bertan behera geratu zen». Ezbehar horien guztien ondorioz, sei espediziokideek lehen kanpalekura (5.300 m) jaisteko erabakia hartu zuten. Jakina, lanak borobildu gabe zituztenez, egun bateko atsedena hartu ondoren, alpinistok zutoina eta bide normala elkartzen diren puntura igo ziren. Han zirela, hurrengo egunetarako eguraldiaren iragarpena helarazi zieten: «Hurrengo bi egunetarako ‘meteo’-a ez zen batere ona; nahiko nahasia iragartzen zuten. Gainera, eskalatzeko baimen egunak agortzen ari ziren. Eta, beraz, puntu horretan espedizioa amaitutzat jo genuen».