12 OCT. 2015 Surfa Munduko txapelketa HossegorrenIkuskizunak aurrera jarraitzen du Pasa den ostegunean hasi zuten mutilek zein neskek munduko txapelketa Hossegorren, eta atzo arte etenik gabeko lehian aritu ziren munduko surflari onenak. Final-laurdenetan dira nesken eta mutilen kategorietan eta datozen egunetan egingo dira azken txandak. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Lehiaketa puri-purian da Hossegorren egunotan. Munduko surflari onenak Landetako olatuetan ari dira lehian urtero lez, eta aurtengoan ere ikuskizuna itzelezkoa izaten ari da. Olatu bikainak izan dira azken egunetan, indartsuak eta handiak. Surf ederra ikusteko aukera izan dute bertaratu diren ikusleek. Atzo oraindik olatu ederrak ziren Hossegorren, haize gutxi eta bi metroko olatuak. Gaur, ordea, itsasoak behera egingo du eta ziur asko datozen egunotan jarraituko dute txapelketa egiten. Datorren larunbaterako amaitu behar da txapelketa, beraz, adi egon behar da. Mutilen kasuan, aurten lehen mailako zirkuitua osatzen duten hamaika txapelketetatik bederatzigarrena da Hossegorren egiten ari direna, eta nesken kasuan berriz, hamar txapelketak osatzen dute 2015. urteko itzulia. Hossegorrekoa aurtengo zirkuituko azken-aurreko txapelketa da; beraz, garrantzi bikoitza duela esan daiteke. Mutilen kasuan, lehen mailako itzulia, “Men Championship Tour” bezala ezagutzen dena, 34 lehiakidek osatzen dute eta soilik beraiek har dezakete parte lehen mailako lehiaketan. Txapelketa bakoitzean gonbidatuak izaten dira, ordea; beraz, TOP 34 horietatik apartekoek “wildcard” gonbidapen bati esker lehia dezaketela esaten da. Gehienez, 36 lehiakidek har dezakete parte lehen mailako txapelketa batean. Aritz Aranburu zarauztarrak gonbidapen wildcard hauei esker parte hartu ahal izan du lehen mailako azken txapelketetan eta Hossegorren ere parte hartu ahal izan zuen. Ostegunean, autobus bat atera zen Zarauztik Hossegorrera Aranburu animatzeko asmotan. Zarauztarrak aukera anitz izan zezakeen txapelketa da Hossegorrekoa, bertako olatuak oso ongi ezagutzen baititu. Ez zuen, ordea, zorte handirik izan zarauztarrak. Ostegunean olatu handiak eta baldintza oso zailak izan ziren, korronte indartsuak zeuden eta olatu on bat hautatzeko zailtasun handiak zituzten lehiakideek. Printzipioz Aranburuk ongi menderatzen dituen baldintzak ziren, baina ez zuen olatu aukeraketan asmatu. Ostiralean, bigarren txanda izan zuen zarauztarrak, Kelly Slaterren kontra, eta hor ere ez zuen asmatu. Lehen bi egunetan, beraz, baldintza oso zailak izan ziren, baina batzuek sekulako tuboak egin zituzten. Urtero bezala, tubo festa izan zen, eta ikusleek, hondartzatik nahiz Internet bidez (Worldsurfleague.com), surf ederraz gozatu ahal izan zuten. Larunbatean eta igandean, itsasoak behera egin zuen eta lehiakideek mota guztietako ariketak egin ahal izan zituzten. Mutilen kasuan ikuskizuna ederra izan zen, baina neskek egun hauetan eskainitako ikuskizuna benetan txalogarria izan da, inoiz ez bezala frogatu dute zer-nolako maila altua duten. Orain, ordea, eten bat izango da, berriz ere itsaski indartsuago bat sartu arte, eta hausnarketarako tarte bat izan daiteke. Zeintzuk izango dira txanda interesgarrienak? Itsasoak zer egin dezakeen alde batera utzita, mutilen eta nesken rankingak nola dauden begiratu behar da, zein aldaketa izan daitezkeen aurreikusteko. Lehiakide asko kaleratuak izan dira eta beste batzuek aurrera jarraitzen dute, beraz, jada aldaketa batzuk iragar daitezke. Mutilen kasuan, final-laurdenetan dira eta ranking orokorreko lehen bi lehiakideek –Mick Fanning australiarra eta Adriano de Souza brasildarra– lehian jarraitzen dute. Egun oraindik hirugarren postuan den Filipe Toledo, ordea, kaleratua izan zen bigarren txandan; beraz, bere postua galduko du. Eta kontuz egun laugarren postuan den Owen Wright australiarrarekin, oso ongi ari da lehiatzen, eta gutxienez hirugarren postura igotzeko aukera asko du. Bestalde, bada final-laurdenetan denen ahotan izango den txanda bat. Gabriel Medina brasildarra eta John John Florence hawaiiarra buruz buru izango baitira. Bi lehiakide hauek ez daude ranking orokorreko lehen postuetan, baina datozen urteetan titulu mundiala eskuratzeko lehia handiena bi lehiakide gazte hauen artekoa izango da, eta beraz, txanda honek ikusmin handia piztuko du. Nesken kasuan ere finalerdietara iritsi dira orain artean eta hemen ere aldaketak izango dira ranking orokorrean; izan ere, egun lehen postuan den Courtney Conlogue estatubatuarra atzo bertan kaleratu zuten bosgarren errondan, eta bigarren postuan zen Carissa Moore hawaiiarrak aurrera jarraitzen du; beraz, Moore gailentzeko aukera asko ditu. Aurtengoan nesken lehiaketan nabarmentzen ari den norbait aipatu beharko bagenu, hori dudarik gabe Johanne Defai frantsesa litzateke. Hossegorren bakarrik ez, orain arteko txapelketetan ere bikain aritu da Defai. Bere lehen urtea du lehen mailan neskato honek, baina kontuan hartzeko lehiakidea dela frogatu du. Defai finalerdietara iritsi da. Oso ongi ezagutzen ditu Defaik Hossegorreko olatuak, sarri izaten baita Landetan entrenatzen. Orain arte egin dituen txandetan erakutsi duen maila oso altua izan da, eta horrela jarraitzen badu, aurtengoan Hossegorreko txapelketa irabazteko aukera ere izan dezake. Edonola ere, goi mailan lehen urtea izateko sekulako itzulia egiten ari da Defai. Beraz, datozen egunetan kontuan hartzeko izenak, honako hauek dira; mutilen kasuan, Mick Fanning, Adriano de Souza, Owen Wright, Gabriel Medina eta John John Florence. Eta nesken kasuan, berriz, Johanne Defay eta Carissa Moore. Gainerako lehiakideek zer egiten duten ere begiratu behar da, noski, baina aipatu irizpideen arabera hauexek dira zeresana eman dezaketenak. FINAL LAURDENAK Gabriel Medina eta John John Florence buruz buru izango dira. Datozen urteetan munduko titulua eskuratzeko lehia handiena bi lehiakide gazte hauen artekoa izango da. JOHANNE DEFAI Aurten nesken artean nabarmentzen ari den norbait aipatu beharko bagenu, dudarik gabe Johanne Defai frantsesa litzateke. Bikain ari da eta Hossegorren berak irabaz dezake.