19 OCT. 2015 Surfa Medina eta Wright txapeldun: WSL zirkuitua azken txanpan da Gabriel Medina brasildarra eta Tyler Wright australiarra nagusitu dira Hossegorreko munduko txapelketan. Orain txapelketa bakarra falta da nesken zirkuitua amaitzeko. Mutilen kasuan, berriz, bi txapelketa baino ez dira falta. WSL zirkuitua azken txanpan da. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Urriaren 7an Hossegorren hasi zuten munduko txapelketa urriaren 12an eten zuten olatuek behera egin zutelako, eta, pasa den ostegunean, itsaski berri batekin, berrartu zuten lehia. Lanbroa eta eskuin olatuak Eguna hotz hasi zen, zerua argi zen, baina Landetako kostaldean behe lainoa zen nagusi, izan ere, hainbestekoa zen egiten zuen hotza ezen itsasoko uraren tenperatura kanpokoa baino dezente beroagoa zen, eta, halakoetan, oso ohikoa den Landetako lanbroa jasotzen da. Itsasgorarekin hasi zen txapelketa. Errebote handia zegoen eta horrek olatua lantzeko zailtasunak sortzen zituen, baina marea jaisten joan ahala errebotea desagertu eta baldintzak hobetu egin ziren. Olatuen forma ere borobiltzen joan zen pixkanaka. Esatariak honela zioen: «Goizean Bells Beacheko eskuin olatua zirudien, eta, marea jaisten doan neurrian, Jeffreys Bay dirudi». Aurten puri-purian den australiar eta brasildarren arteko lehiaren adierazle garbia izan ziren Hossegorren egindako azken txandak, izan ere, lau australiar eta hiru brasildar ziren final laurdenetan. Australiarrak vs brasildarrak Lanbro itxiaren ondorioz zailtasunak izan zituzten epaileek lehen txandan ziren Julian Wilson eta Italo Ferreiraren olatuak behar bezala ikusteko, baina egunak argitu ahala sekulako eguraldia atera zen. Azkenean, Julian Wilson australiarra gailendu zen, alde handiz. Bigarren txandan bi australiar ziren buruz buru, Bede Durbige eta Mick Fanning. Durbidge bikain aritu zen, eta, Fanningek, berriz, ez zuen olatu onik hartzerik lortu; beraz, Durbidgek lortu zuen azkenean finalerdietarako txartela. Hirugarren txandan Adriano de Souza brasildarra eta Owen Wright australiarra izan ziren lehian. Tentsio handia izan zen, izan ere, bi lehiakideak berdinduta egon ziren ia denbora osoan. Txanda erdian berdinduta zeuden bi lehiakideak. Brasildarra kexu zen eta epaileei zuzentzen zitzaien olatuen amaieran bere olatuak gutxiegi puntuatzen ari zirela esateko. Azkenean, De Souzak berdintasuna apurtu eta finalerdietarako pasea eskuratu zuen. Jarraian, txapelketako txanda garrantzitsuena etorri zen, ikusmin handiena sortu zuena, Gabriel Medina eta John John Florencen artekoa alegia. Ikusle eta aditu askok txanda horretan txapelketa jokatuko zela iragarri zuten, eta, azken emaitza jakinda, asmatu egin zutela esan daiteke. Bi surflari puntako, oso onak eta oso desberdinak lehiatu ziren. Medina, lehiakide oldarkorra, batetik, eta, Florence, lasaia, bestetik. Batak lehia zuzena bilatzen du eta bestea konfrontazioa oro ekiditen saiatzen da. Hasieratik Medina gailendu zen. Brasildarrak olatu txikien aldeko apustua egin zuen eta asmatu egin zuen. Hiru minuturen faltan eguneko lehen ezker olatua hartu eta tubo eder bat egin zuen. Tubo horrekin Florencen aukera guztiak zapuztu zituen, izan ere, ordura arte hawaiiarrak 9,60 puntuko olatu bat behar zuen txanda pasa ahal izateko, baina, olatu horren ostean, hamarreko batekin ere ez zuen nahikoa puntu finalerdietarako txartela lortzeko. Hala ere, hogei segundoren faltan azken olatu bat hartu zuen hawaiiarrak, ikusleen gozamenerako olatu bikain bat eginez; tubo polit batekin hasi eta aireko reverse batekin amaitu zuen. Halako batean aireko bat ikusi ahal izan zuten ikusleek. Finalerdietan, beraz, berriz ere bi australiar eta bi brasildar ziren. Hori bai, aberkideek haien artean lehiatu behar izan zuten. Batetik Wilson eta Durbidge izan ziren lehian, eta, bestetik, De Souza eta Medina. Orokorrean, lehiakide guztiek oso gutxi arriskatu zuten eta ez zen aparteko ariketarik ikusi. Medinak egin zuen bizkarkako tubo batek jasotako hamarrekoa izan zen salbuespena, gainontzean nahikoa apal aritu ziren denak. Horrela, Wilson Durbidgek garaitu zuen, eta, De Souza, Medinak. Medina vs Durbidge Finala ere ez zen apartekoa izan. Bede Durbidgek 9,44 puntu baino ez zituen bildu bere bi olatu onenen baturarekin. Alegia, bosteko bat bera ere ez zuen jaso. Medinak ostera bi olatu bikain egin zituen, bata 8,50 puntukoa eta bestea bederatzikoa. Horrenbestez, aurtengoan txapela Garbiel Medinak lortu zuen Hossegorren. Orain ranking orokorrean Mick Fanning australiarrak jarraitzen du lehen postuan. Beraz, ez da postuz jaitsi naiz eta De Souzak berak baino emaitza hobea lortu Hossegorren. Fanningen atzetik, Adriano de Souza brasildarra dago. Hirugarren postua Owen Wright australiarrak eskuratu du. Laugarren postuan Julian Wilson aurkitzen da, hau ere australiarra. Gabriel Medina brasildarra bosgarren postuan da, eta, seigarren postuan, Filipe Toledo brasildarra dago. Beraz, brasildar eta australiarren arteko lehia garbia da aurtengoan. Ziur aski, lehen bost postuotan diren lehiakideetako bat izango da aurtengo titulu mundiala eskuratzen duena, baina oraindik goiz da ezer esateko, gauzak aldatzeko aukera anitz baitago. Orain artean bederatzi txapelketa egin dituzte mutilen lehen mailako munduko itzulian eta bi txapelketa baino ez dira falta aurtengo zirkuitua amaitzeko. Hurrengo geldialdia Portugalen izango da, urriaren 20tik 30era bitartean. Moore vs Conlogue Nesken kasuan, berriz, hamar txapelketek osatzen dute aurtengo itzulia eta soilik txapelketa bakarra falta da 2015eko zirkuitua amaitu eta titulu mundiala nork eskuratuko duen jakiteko. Nesken artean ez da mutilen kasuan bezala aberrien arteko talkarik, lehia pertsonalagoa dela esan daiteke, bakoitzaren jatorria alde batera utzita. Hossegorren egin zen txapelketaren ostean bi lehiakideren arteko norgehiagoka indartu egin da eta orain galdera honako hau da; Carissa Moore hawaiiarra edo Courtney Conlogue estatubatuarra izango da aurtengo txapelduna? Moore rankingeko lehen postuan dago 59.500 punturekin eta bigarren postuan Conlogue dago 58.600 punturekin. Bada munduko titulua eskuratzeko aukera duen beste lehiakide bat; 51.200 punturekin sailkapeneko hirugarrena den Sally Fitzgibbons. Hori bai, Fitzgibbonsek titulu mundiala eskuratzeko, azken txapelketan Carissa lehen txandan kaleratu beharko lukete eta Fitzgibbonsek berak lehen postua eskuratu beharko luke. Beraz, posibilitate hori badago, baina aukera oso zaila da. Tyler Wright garaile Aurten sekulako maila erakutsi dute neskek Hossegorren, baina, mutilen kasuan bezala, azken egunean ez zuten gehiegi arriskatu nahi izan eta ariketak ziurtatzera mugatu ziren. Hala ere, oso ongi marraztutako olatuak eta ariketa indartsuak ikusi ahal izan ziren. Finalean, Tyler Wright australiarra eta Tatiana Weston-Webb hawaiiarra izan ziren lehian. Txandak guztira iraun zituen 30 minutuetan, batez ere eskuin olatuak hartu zituzten, batak aurpegiz eta besteak bizkarka. Australiarrak 17,10 puntu bildu zituen (8,67+8,439) bere bi olatu onenekin. Hawaiiarrak, berriz, olatu on bakarra hartu zuen eta azkenean 10,93 puntu baino ez zituen lortu (8,30+2,63). Bigarren olatu bat hartzea falta izan zitzaion, baina ez zen olatu hori etorri. Azaroaren 21ean Hawaiin, Honoluluko badian hasiko da nesken zirkuituko azken txapelketa eta bertan erabakiko da aurtengo titulu mundiala nork eskuratu duen. Hilabete bat daukate beraz Top 17ko neskek azken txanparako ahalik eta ongien prestatzeko. FINAL LAURDENAK Final laurdenetan jokatu zen egiazko finala. Izan ere, Florence garaitu ostean, Medinak txapela lortzeko izan zezakeen areriorik arriskutsuena kalean zen dagoeneko. TITULU MUNDIALA Hossegorreko txapelketaren ostean bi lehiakideren arteko norgehiagoka indartu da. Carissa Moore edo Courtney Conlogue izango da txapelduna?