Bidegurutze komun bat
Kukai dantza taldeak bere ibilbidean lagun izan dituen musikari eta sortzaileekin batera emanaldi berezi bat eskainiko du ostiralean Victoria Eugenia antzokian. Ez da dantza emanaldi bat izango, kontzertuaren tankerakoa izango da zuzeneko puntual hori, Jon Mayaren aburuz, euskal musikaren «dream team»-arekin egingo dutena.
«Ez da gutako edozeinek egiten duen ikuskizunetako bat. Gure ibilbidean zehar komunean eduki ditugun gauzak adierazteko elkartu gara», esan zuen atzo Jon Mayak Victoria Eugeniako dantza aretoan. Bertan egin zuten hitzordua komunikabideekin ostiralean (20.00) eskainiko duten emanaldiko protagonistek. Ez da dantza emanaldi bat izango, kontzertu baten antz handiagoa izango du Errenteriako dantza taldeak bultzatu duen elkargune horrek. Baina abiapuntua Kukai bera izango da, berau baita guztiek duten elementu komuna.
“Adiskideak” izenez deituko da ostiralean taularatuko duten proposamena. Puntuala izango da, zabalpen gehiagorako nahirik gabekoa. «Gu guztion ikuskizunak eta egitasmoak martxan daude eta bide horretan tarte bat hartu eta lagun arteko kontzertu bat egingo dugu», esan zuen. Duela bi urte Getxo Folk jaialdian antzeko proposamen bat egin zuten, “Kukai&Lagunak”, eta bizipen hura berriro errepikatu nahi izan dute. Kukaik bere ibilbidean izan dituen kolaboratzaile nagusiei eskaintzen dien omenaldi moduko bat dela esan daiteke. Hartara, euskal musikaren «dream team»-a bildu dutela iritzi zion Mayak berak. Parte-hartzaileen artean dira Oreka TX, Zigor DZ, Iñaki Salvador, Xabin Bikandi eta Iñaki Telleria, beste batzuen artean. Horiez gain, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño dantzariak eta Beñat Gartzia alboka-jotzailearen laguntza ere izango dute ostiralean.
«Emanaldiak ez du gai zehatzik izango. Adiskidetasunak, elkarrekin egin ditugun gauzek batzen gaituzte». “Herritmoa” edo “Gelajauziak” izan daitezke elkarrekin egindako proiektuetako batzuk, «eta hori guztia agertzen doa ikuskizuna gorpuzterako orduan», zehaztu zuen dantzariak.
Hartara, ikuskizun desberdinetan egindako piezak eskainiko ditu dantza taldeak, eta musikariek ere beraien errepertorioa landuko dute. Horrez gain, kantu batzuk moldatuko dira kontzertuari izaera musikal handiagoa emateko. «Collage txiki handi bat da, ikuskizun desberdinetan denok batera egindako zatiekin edo Kukairen errepertorioko piezekin osatu duguna».
Emanaldia 20.00etan abiatuko da eta 75 minutuko iraupena izango du. Sarrerak salgai daude 15 euroan, ohiko salmenta puntuetan.