24 OCT. 2015 sokatira Sei taldek jokatuko dute aurtengo Nafarroako Txapelketa J.L. Tafallan abiatuko da bihar Nafarroako Goma Gaineko Txapelketa. Bi mailatan jokatuko da; batean mutilak arituko dira eta bestean, berriz, mutilak eta neskak nahasita. Mistoan seiko taldeak izango dira, eta bakoitzean hiru mutil eta hiru neska arituko dira. Guztira hiru ekinaldi jokatuko dira, eta saio guztietako puntuak batuta gehien dituenak irabaziko ditu txapelketak. Lehen jardunaldia bihar arratsaldean jokatuko da Tafallan, 17.30ean, eta bertan arituko dira bi mailetako taldeak. Mutilek 600 kiloan sartuta aritu beharko dute, eta Berriozar, Txantrea eta Beti Gazte lehiatuko dira. Talde mistoak, berriz, 420 kilotan sartuta lehiatu beharko dute, eta Berriozar, Txantrea eta Kaskailueta izango dira lanean arituko diren hiru taldeak. Bigarren jardunaldia urriaren 31n jokatuko da Berriozarren, eta amaiera Aldatzen izango da azaroaren 15ean. Aurten hutsuneak ere ikusten dira, eta agian handiena Amaiur taldearena izango da, herrialdeko onenetakoa izan baita.