Egia ikusteko, zabalik behar dira leihoak
Berriro ere leihoak itxita ez ezik estalita ere nahi dituztenen arrangura: “Barrura begiratzeko leihoak” filmean ez da terrorismoaz hitz egiten. Egia. Bizpahiru aldiz ikusi dut, azkena igandean, eta ez dute GAL edo BVE aipatu ere egiten. Nolanahi ere, niri lotsagarriagoa iruditu zitzaidan “Goenkale”-ren azken kapituluan Belen Estebanez tutik ere ez esatea.
Zer da egia –errealitatea nahiago baduzue–? Dekretua?
EITBko zuzendaritzak esan zuenez, dokumental hori edo beste batzuk emateak ez du esan nahi eduki guztiak kritikarik gabe onartzen dituenik. Eskerrak «edo beste batzuk» esan zuen. Eskerrak esan duen «ez duela esan nahi eduki guztiak kritikarik gabe onartzen dituenik». Baina zergatik eskaini behar zituen azalpen horiek telebista publiko baten jarrera normala izan behar lukeenaren berri emateko, eta zergatik, hain zuzen, film hori emititu ondorengo kritikei erantzuteko?
Askoz negargarriagoa izan zen Lakuako bozeramailearen erantzuna, ordea. Labur-labur: Ni ez naiz izan. Dokumentala egin zutenean EAJ ez omen zegoen Gobernuan. Bestetik, «Jaurlaritza ez da sartzen ETBren programazioan, Jaurlaritzak ez du baldintzatzen saio bat ala bestea emititzea». Ziur? Bego. Baina, aizu, ETBren erabakia defenditu ere ez zuen egin. Eta EAJ Lakuan egon izan balitz dokumentala egin zutenean, filmaketa galaraziko zuen? Edo edukiaren aldaketa exijituko zuen? Erkorekak ETBren emisioak erabakiko balitu, emango luke dokumental hori? Urquijori galdetuko lioke «terrorismoaz» hitz egiten ez dutenak emititu baino lehen?