31 OCT. 2015 Aizkora Vicentek ez du barkatu Otsagabikoak, 18 urte eskasekin, Euskal Herriko Bigarren Mailakoa irabazi zuen atzo. Ruben Saralegikamaitu zuen bigarren, eta berak ere Lehen Mailara igotzeko txartela eskuratu zuen. Jon LEUNDA Iker Vicentek hartutako abiadari eusten dio, eta, 18 urte besterik ez dituen arren, atzo Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela jantzi zuen, eta datorren urtean Lehen Mailan aritu ahal izango da. Bere lehengusuak, Ruben Saralegik, eskuratu zuen bigarren postua, eta bera ere datorren urtean onenekin lehiatu ahal izango da. Ostirala eta eguerdia izan arren, jendeak hartu zuen tartea aizkorako finala ikusteko, eta berriro ere agerian geratu zen kirol honek duen indarra. Ez dauka beste batzuek duten izenik, komunikabide askotan ez diote batere lekurik egiten, baina jende gehien erakartzen duten kiroletakoa izaten jarraitzen du. Iriarte pilotalekua bete egin zen, nahiz eta horretarako egun aproposena ez izan. Finalerako txartela lortu zuten sei aizkolari lehiatu ziren, eta bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen; Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolariek kanporaketan izaten duten lana da hori. Finala oso polita izan zen, eta emoziotik ere asko izan zuen, batez ere bigarren postu horretarako. Iker Vicentek irabazi zuen kanporaketa, eta bera zen faboritoa. Beroak jota, edo faborito garbia izateko presio horrekin, baina Otsagabikoak ez zion saioari hasiera ona eman. Gero, ordea, behin libratu zenean, aurrea hartu zuen, eta hortik aurrera onena izan zen. Gainerakoei ez zien inolako aukerarik eman, eta garaipen handia eskuratu zuen. Gazte mailan lehiatzeko adinean dago oraindik, eta dagoeneko Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela jantzi du; orain dela hiru aste, berriz, Nafarroako Lehen Mailakoa irabazi zuen. Bigarren posturako borroka handia izan zuten Saralegik eta Txapartegik, baina azkenean leitzarrak hartu zion aurre eta iaz galdu zuen maila berreskuratu ahal izan zuen. Beste hirurek ez zuten izan aukerarik. Ezustea Mujikak eman zuen berarengan itxaropen handiagoa zegoelako, baina Ibarrakoak ez zuen bere egunik onena izan. 21 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Iker Vicentek bere lanak amaitzeko. Saralegik, aldiz, 22 minutu eta 55 segundo. Atzetik, Txapartegi (23.17), Mugertza III.a (25.40), Mujika (28.52) eta Jauregi (29.26), sailkatu ziren. Honekin amaitu dira aizkolarien aurtengo Euskal Herriko txapelketak. Iker: «Askatzea kostatu zait» Iker Vicente zoriontsu zegoen atzoko saioaren ostean. 18 urte besterik ez ditu, baina jadanik onenekin lehiatu ahal izango da. Hala ere, hasieran kostatu zitzaiola esan zuen. «Finalari neurria hartzea kosta zait. Aurreneko egurretan libratu ezinik aritu naiz. Bero egiten zuen, ez zen aizkorarako eguraldirik aproposena eta egurrak ere eman beharrekoak ziren. Hirugarren enborrean hasi naiz libratzen, eta gero bai, gustura jardun dut», esan zuen Otsagabiko aizkolari gazteak. Lehen Mailan aritzeak ilusio handia egiten diola onartu zuen, baina prestakuntza ere oso ona izan beharko duela erantsi zuen.«Lehen Mailara igotzea gauza handia da. Hor, hamabi onenen artean egoteak ilusio handia egiten dit, baina maila izugarria dago. Ongi prestatu beharko dut hurrengo denboraldian, mailari eusteko», esan zuen Ikerrek. «Gaur garrantzitsuena aurreneko bietan geratzea zen, eta lortu dut», esan zuen, berriz, Ruben Saralegik. J.L. JENDETZAAizkora indartsu dagoela agerian geratu zen berriz. Ostiral eguerdia izan arren, jendeak topatu zuen finala ikusteko tartea, eta Iriarte pilotalekuko harmailak erabat bete ziren. Sarrerak 10 euroan zeuden.