02 NOV. 2015 Surfa Filipe Toledo txapeldun Penichen:Brasildarrak nagusi rankingean Filipe Toledok CT rankingeko bigarren postua eskuratu du Portugalen txapela irabazi ostean. Orain, Mick Fanningekin batera, aurtengo mundu titulua eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea da. Txapelketa baten faltan sei lehiakideren artean dago 2015eko titulua. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA WSL zirkuitua azken txanpan sartu da eta gero eta ikusmin handiagoa sortzen ari da. Mutilen lehen mailako munduko zirkuitua bere onenean da. Joan den ostiral arratsean amaitu zen CT itzuliko azken-aurreko proba eta txapelketa bakar baten faltan mundu titulua eskura dezaketen lehiakideen zerrendak sei izen ditu. Filipe Toledok irabazi zuen brasildarrak nagusitu ziren Portugalgo txapelketan. Brasildarrek gora egin zuten ranking orokorrean eta australiarrek berriz, behera. Hala ere, egun oraindik Mick Fanning australiarrak jarraitzen du CT rankingeko lehen postuan eta bera da aurtengo mundu titulua eskuratzeko aukera gehien dituen surflaria. Olatu narrasak Supertubosen Txapelketako esatariek behin eta berriz errepikatzen zuten esaldia zen «Tricky waves»; izan ere, ezin hobeto deskribatzen duen ingelesezko esamoldea da, olatuak haizeak narrasten dituenean erabiltzen da. Halakoxe baldintzak izan ziren joan den astean Portugalen. Lehen egunetan olatu oso garbiak izan ziren, baina txikiak. Gero itsaski bortitzak sartu ziren Penicheko kostaldean, baina baldintza larregi narrasak ziren. Eta azken egunetan itsasoak apur bat behera egin zuenean haizeak ere atseden hartu zuela zirudien, baina oraindik olatuen forma oso narrasa zen eta lehiakideek sekulako lanak izan zituzten olatu aukeraketan zein olatuen irakurketan. Ezezagunak azken txandetan Halako baldintza zailetan edozer gerta daiteke eta horixe gertatu zen Portugalen; izan ere, emaitzei begiratuta zinez gauza bitxiak gertatu zirela esan daiteke. Puntako lehiakideak direnak eta ohiko surflari faboritoak lehen txandetan kaleratuak izan ziren. Gutxi batzuek egin zuten aurrera, Gabriel Medinak kasu, baina finalerdietara iritsi ziren lehiakide gehienak ezezagunak direla esan daiteke. Batetik, Filipe Toledo brasildarra eta Brett Simpson estatubatuarra izan ziren finalaurreko lehen txandan. Bi metroko olatu bihurriak menderatu nahian nahiko lan izan zuten. Batek olatu bat hartu eta besteak erantzun egiten zion, ahal bezala, eta horrela aritu ziren azken segundora arte. Filipe Toledok aurtengoan sekulako emaitzak lortu ditu, eta aurten mundu titulua eskura dezaketen lehiakideen zerrenda murritzean sartu da, baina ez da surflari oso ezaguna, eta emaitza oso onak lortu arren inoiz ez da faboritoen zerrendan izaten. Brett Simpson, ostera, ez da emaitza bikainak lortzen dituen surflaria, rankingean erdialdean egoten den lehiakidea da, baina bere surfa maite duten jarraitzaile asko ditu. Finalerdietako bigarren txandan bi «ezezagun» izan ziren, Vasco Riveiro portugaldarra eta Italo Ferreira brasildarra. Portugalekoak wildcard gonbidapen bati esker hartu ahal izan zuen parte txapelketa honetan; beraz, Top 34ko lehiakideen artean egon ez arren, lehen mailako txapelketa batean finalerdietara iristea sekulako emaitza da. Italo Ferreira izan zen finalerako txartela eskuratu zuena eta txandaren amaieran, Filipe Toledok egin bezala, ur ertzean geratu zen errezatzen Jainkoari eskerrak emateko. Gauzak horrela, bi brasildar izan ziren Supertubosen finalera iritsi ziren lehiakideak. Bi brasildar finalean Joan den ostiralean izan zen finala Supertubosen. Gaua iritsi aitzin itsasoratu ziren bi surflariak, Toledo likra gorriarekin eta Ferreira urdinarekin. Eguzkia mendebaldean sartzen ari zen bitartean, bi itzaltxo ikus zitezkeen olatu gainean borrokan, olatu bakoitzari ahalik eta zuku gehien ateratzen. Olatu zailak zeuden eta bi lehiakideak minutu batzuk lehenago lehian aritu ziren; beraz, zortea bakarrik ez, egoera fisiko ona ere beharko zuten surflariek beren onena eman ahal izateko. Bi lehiakideak oso gazteak dira, 20 eta 21 urte dituzte, eta horrenbestez alde fisikoa ez zen eragozpen bat izango. Finala hasi eta bi minutu eskasera Toledok bere bigarren olatua hartu zuen. Eskuin olatu batean, aurpegiz, reentry bat eta bi aireko binper (reverse) egin zituen eta hamarrekoa eman zioten epaileek. Hasiera ezin hobea egin zuen, beraz, Toledok. Ez dira asko Top 34ko surflarien artean ezker surflariak (goofy), baina dauden horiek estilo ona duten fama dute. Horien artean dago Italo Ferreira. Txanda erdian sekulako altuera hartu zuen aireko itzulia egin zuen bizkarka eta 9,93 puntu jaso zituen. Lau minuturen faltan Toledo irabazten ari zen, baina alde oso txikiagatik. Eskuin olatu bat hartu eta hasi bezain laster aireko bat egin zuen, eta amaitzeko beste aireko binper bat egin zuen. Olatu horrekin 7,83 puntu eskuratu zituen. Beraz, aurrez lortutako hamarrekoarekin, guztira 17,83 puntu bildu zituen Toledok. Ferreirak bere bi olatu onenekin 17,13 puntu bildu zituen; beraz, Toledo izan zen garaile. Lehen mailako munduko zirkuituan parte hartzen duen lehen aldia du Ferreirak eta halako txapelketa batean finalera iristen den lehen aldia ere izan da; hortaz, oso pozik zegoen brasildarra. Oholtzatik, hunkituta, eskerrak eman zizkion Ferreirak parean zuen jendeari, familiari, babesleei eta jainkoari. Filipe Toledok ere jainkoari eskerrak eman zizkion taula gainean eserita, zerura begira. Urautsian bertan egin zioten lehendabiziko elkarrizketa eta ondorengoa adierazi zuen: «Flipatuta nago, aste hau eromena izan da. Sinetsi ezinik nago. Finala da niretzat txandarik ederrena, zeren hor ez daukat galtzeko ezer eta nire onena eman dezaket. Beste final bat, beste hamarreko bat». Nork irabaziko du 2015eko mundu titulua? Orain txapelketa bakarra falta da 2015eko mundu titulua nork eskuratuko duen jakiteko. Datorren abenduaren 8an hasiko da Hawaiin (Oahu) urteko txapelketarik ikusgarriena. Aurtengoan, gainera, mundu titulua eskura dezaketen lehiakideen zerrenda nahiko zabala da eta horrek are eta ikusmin handiagoa sortzen du. Ez da ohikoa zirkuituko azken proban mundu titulua eskura dezaketen lehiakideak hiru baino gehiago izatea. Aurtengoan, ordea, sei surflarik eskura dezakete munduko txapela. Batzuek besteek baino aukera gehiago dituzte. Alegia, ranking orokorrean postu hobean daudenek aukera gehiago dute. Egun, Top 34 rankingean lehen postuan Mick Fanning dago. Bigarren postuan, Filipe Toledo jarri da Portugalen irabazi ostean, eta australiarrarekiko alde txikiaz gainera (200 puntu). Hirugarren eta laugarren postuetan ere bi brasildar daude, Adriano de Souza eta Gabriel Medina. Eta azkenik, aukera gutxiagorekin bada ere (puntu gutxiago dituztelako), Owen Wright eta Julian Wilson australiarrak daude. Rankingeko lehen hiru postuetan dauden lehiakideak, Mick Fanning, Filipe Toledo eta Adriano de Souza, oso berdinduta daude. 49.900, 49.700 eta 49.450 puntu dituzte hurrenez hurren. Gauzak horrela, Fanning Pipelinen bigarren postuan geratuko balitz, beste biek txapelketa irabazi beharko lukete munduko txapela lortzeko. Pipelinen Fanning bosgarren errondan kaleratzen badute, orduan Gabriel Medinak ere izango du mundu titulua eskuratzeko aukera, baina horretarako Pipelinen txapela irabazi beharko luke. Aukera gutxien dituzten Owen Wright edo Julian Wilsonek irabazteko, berriz, ranking orokorrean lehen hiru postuetan diren lehiakideek hirugarren txandarako kalean behar lukete eta Medinak gehienez finalerdietara iritsi beharko luke. Horrenbestez, aurten edozer gerta daiteke. EZEZAGUNAK Puntako lehiakideak lehen txandetan kaleratuak izan ziren (Gabriel Medina salbu) eta finalerdietara iritsi ziren lehiakide gehienak ezezagunak ziren. FILIPE TOLEDO «Finala da niretzat txandarik ederrena, zeren hor ez daukat galtzeko ezer eta nire onena eman dezaket. Beste final bat, beste hamarreko bat».