Maitane ALDANONDO
Donostia

LANBIDE HEZIKETAKO IKASLE IZATETIK EKINTZAILETZARA EGINDAKO BIDEA

Xare Sistemak lanbide heziketako zortzi ikaskidek 2005ean abiarazitako proiektua da. Urratsbat programak hasteko bultzada eman zien eta hamarkada osatuta, enpresa egonkortua da egun. Bide zaila izan den arren, gustuko lana egitea ere balioesten dute.

Xare Sistemak 2005ean sortu zuten garai hartan AEG ikastetxean Sistema Informatikoen Administrazioa eta Aplikazio Informatikoen Garapena lanbide heziketako ikasketak egiten ari ziren zortzi informatikarik. Proiektua abiatzeko Lakuako Gobernuak sustatutako Urratsbat programaren laguntza jaso zuten, baita ikastetxeko arduradunen aholkua ere. Krisiaren atarian hasi arren, hamar urte bete dituzte. Bazkide bat gutxiagorekin, enpresak bi lan ildo nagusi ditu: zerbitzu teknikoak, batetik, eta web orrien diseinua eta programazioa, bestetik.

Kideetako batzuek enpresa sortzeko ideia inoiz izan bazuten ere, Ruben Ugartetxeak oroitu duenez, AEGko arduradunek proposatuta hasi ziren proiektuari buruz pentsatzen. «Gazteak ginen, 20 bat urte genituen, eta poliki-poliki asmoa serioagoa egiten hasi zen». Hasieran 20-30 laguneko taldea zen, baina aurrera egin ahala murrizten joan zen, zortzikoa osatu arte. Ikastetxeak utzitako gela batean hasi ziren lehen lanak egiten, Urratsbat programak eta Donostiako Sustapenak emandako laguntzei esker, hiriko enpresa haztegi batean bulegoa ireki zuten arte. 6.000 euro eman zizkieten kideko, nahiz eta diru guztia ez zuten jaso hainbat betekizun ez osatzeagatik. Enpresa formakuntza ere jaso zuten proiektua planteatzen, negozio plana egiten... ikasteko. Zailena taldean ekitea izan dela dio bazkideak. «Zortzi lagun, elkar ezagutu gabe, zerotik hasi lana serio egiten... Dena ikasi behar duzu: ez dakizu faktura bat edo akta bat zer den, bezeroari nola hitz egin... Hori izan da zailena».

Urte pare bat geroago Errekaldeko egungo egoitzara lekualdatu ziren. Laguntzak hasteko «bultzadatxoa» izan ziren arren, Ugartetxeak aitortu duenez, ez ziren nahikoa. Are gutxiago, eratu eta gutxira krisia hasi zenean. «Bezeroak lortzeko lan komertziala egunero-egunero, astero, egin behar da, ateak jo, ezezkoak jaso... Psikologikoki gogorra izan zen». Zailtasunak zailtasun, beraien egoeran dauden egungo ikasleei ausartzea gomendatzen die. «Oso aberasgarria da, kosta arren. Norberari gustatzen zaion zerbaitetan lan egitea luzera oso positiboa da».

Enpresa honek bezeroen neurrira egindako web orriak diseinatu eta programatzen ditu. Zerbitzu orokorra eskaintzen dute, diseinua, programazioa, mantenua... Enpresako bost kide arduratzen dira lan ildo horretaz; gainerako biek zerbitzu teknikoa, konponketa eta mantentze alorra daramate. Esparru honetako eskaria hazten ari da eta beste langile baten beharra dute. Datorren urterako kontratatu ahal izatea espero du Ugartetxeak. Bezeroak gehienbat Gipuzkoakoak dira, Bizkaikoak eta Arabakoak ere badituzten arren. «Jendeak gertutasuna baloratzen du. Web orri bat egiteko ez duzu behar kontaktu zuzena, baina asko eskertzen da». Gehienak enpresa pribatuak dira, industriaguneetako enpresa ertainak eta tailerrak, bi ildoetarako zeregina izaten dutelako. Eskola batzuekin ere egiten dute lan, arbel digitala instalatu eta mantenua egiten.

Enpresa egonkortu den sentipena dute. «Eskarmentua dugu, azkarrago eta kalitate handiagoarekin lan egiten dugu. Ez dugu beti kalera joan beharrik. 300-400 bezeroko kartera dugu eta tarteka beraiek deitzen digute eta gustura daudenek ere ezagutarazten gaituzte», azaldu du arduradunak. Baleko soldata izatea kosta bazaie ere, negozio propioa izateak ematen duen askatasunari balio handia ematen diote. Merkatua hobera egiten ari dela iruditzen zaie eta etorkizunari begira erronka nagusi bat dute. «Urte askoan jarraitzeko asmoa dugu, ganorazko soldata izan eta honetatik lasai eta ondo bizi ahal izatea».

 

La Caixa Gizarte Ekintzak diruz lagunduko du Urratsbat ekimena

La Caixa Gizarte Ekintzak 110.000 euro bideratuko ditu Urratsbat programaren bidez aurten Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasleek sortutako enpresak finantzatzen laguntzera. Erakundeak eta Ikaslan Lanbide Heziketako Institutu Publikoen Elkarteak urriaren 13an sinatu zuten lankidetza akordioa, eta laguntza jada legalki osatuta dauden enpresa proiektuen artean banatuko da. Lakuako Gobernuak 2004-2005 ikasturtean abiarazi zuen programa eta ikasleen ekimen sortzailea sustatzea du helburu. Parte hartzen duten ikastetxeetan ia 1.200 proiektu ekintzaile tutorizatu dituzte eta 521 enpresa sortu dira.