GARA Euskal Herriko egunkaria

Hirugarren aldiz, 2016n Bergaran izango dira Kilometroak


Bergarako Aranzadi ikastolak izango du 2016ko Kilometroak antolatzeko ardura. Hirugarren aldiz egingo da herri honetan Gipuzkoako ikastolen jaia. Aurrekoak 1991koa eta 2007koa izan ziren. Hain zuzen, 45 urte beteko ditu Aranzadi ikastolak datorren urtean.

500 familiak, 712 ikaslek eta 62 profesionalek osatzen dute Aranzadi ikastola eta 0 urtetik 18 urtera arteko hezkuntza eskaintza du. Gurasoen kooperatiba da.

Ikastolako zuzendari Ane Barrusok aditzera eman zuenez, Kilometroak festarekin lortzen den dirua bi eraikinetan egotetik batean egotera pasatu zirenean hartu zituzten maileguak ordaintzen laguntzeko erabiliko dute. Uneotan Aranzadi ikastolak eraldaketa pedagogiko sakonari ekin dio.

Horrekin batera, helburu soziala ere izango dute Kilometroek. «Eskualde osoarekin eta Gipuzkoarekin gizarteari erakustea Ikastolen Elkartea mundiala dela, Aranzadi ikastola mundiala dela. Izan ere, bertan parte hartzen duen jendea mundiala da», esan zuen harro Ane Barrusok.