GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Desinformazio interesatua


Azaroaren 1ean Steilas-ek artikulu bat eman zuen argitara Hezkuntza Sailak kooperatiba eta fundazioei emandako diru-laguntza bati buruz; bertan, zalantzak pizteaz gain eta irakurleari informazioa ez emateaz gain, deskalifikazioak egiten ziren Euskadiko irakaskuntzako kooperatibei buruz, eta horiei erantzun nahi die orain Erkide-Irakaskuntzak.

Sinatzaileek esaten dute testuan «diru-laguntzarako eskubidea ikastetxe horien helburu sozialak sortzen duela suposatzen da», eta berariaz uzten dute aipatu gabe deialdian bertan baldintza gisa eskatzen zaiela ikastetxe onuradunei, desegiten direnean, beren ondasunak Administrazioaren esku utzi behar dituztela, eta hori bermatuta dago kooperatiben kasuan indarrean dagoen araudiaren arabera (4/1993 Legea, Euskadiko Kooperatibena, 94. artikulua); hau da, jarduera amaituko balitz, irakaskuntzako kooperatiben ondare guztia Administrazioaren esku geratuko litzateke. Ez ote dute hori deialdian irakurri?

Gainera, ez dute esaten diru-laguntzak ikastetxe hauek jada jasaten ari diren finantza-karga arintzen laguntzeko direla, inbertsioek eginda egon behar baitute eta, gainera, banku-kredituen bidez bakarrik finantzatuak; horrela, datu bat ezkutatu dute: 12.800.000 euroko diru-laguntzak jada egina dagoen 39.211.421,63 euroko gastua finantzatzen du, eta inbertsio horiek hezkuntza-erabilerarako eraikinak erosteko izan dira, edo eraikitze-lan berriak, handiagotzeak eta ordezteak egiteko edo indarrean dagoen legeriak eskaturiko betebeharretara egokitzeko. Labur esanda, Administrazioak gastuen %33 bakarrik jartzen du eta, jarduera amaitzen bada, gero ondare oso-osoa –urteetan zehar kooperatibako familien eta langile bazkideen belaunaldi askok egindako ekarpen eta lanari esker sortua– Administrazioak berak jasoko du. Gauza bera gertatzen ote da beste ikastetxe batzuetan?

Baita ere esaten dute «sozial adjektiboaren aterkipean partikular antonimoa ezkutatzen den susmoa» dutela. Berriro ere, edo ez dute araudia ezagutzen edo nahita ezkutatzen diote irakurleari. Irakaskuntzako ia kooperatiba guztiak daude Eusko Jaurlaritzak «herri-onurakotzat» jota 64/1999 Dekretuaren arabera, Euskadiko interes orokorra sustatzeko egiten duten ekarpenagatik, eta hori beren egitekoak gauzatzerakoan eskakizun batzuk betetzen dituztelako; hots, erakunde hauek irabazi asmorik gabeak izatea, ekitaldi ekonomiko batean emaitza positiboak izanez gero bazkideen artean ez banatzea eta kooperatiban berriro inbertitzea, karguak betetzea doakoa izatea… Ulertzen ote dute irakaskuntzako kooperatiben berezitasuna?

Halaber, sinatzaileek ez dute onartzen kooperatibek beren forma juridikoagatik xede soziala dutenik. Baina, Hezkuntza Itunen Oinarrizko Arauen erregelamenduak dio, alde batetik, «hezkuntza-itunez baliatzeko lehentasuna izango dutela kooperatiba-erregimena duten ikastetxeek» eta, gainera, «itunen erregimen orokorra gorabehera, Administrazioak eskola-instalazio eta ekipamenduei dagozkien inbertsio-gastuen finantzaketan lagundu ahal izango du», 2.377/1985 Errege Dekretuaren bederatzigarren gehigarria.

Beraz, zer interes ote dago egiten diren deskalifikazio horien atzean, batez ere gure sektorean hutsaren hurrengo ordezkaritza dutenen eta gure errealitatea ezagutzen ez dutenen aldetik eginda? Gerta ote liteke hurrengo Euskal Hezkuntza Legeak zalantzan jartzea zera publikoa ulertzeko aldebakartasuna, beraiek daukaten eta sustatzen dutena? Ala agian nahiago ote dute lege berria ez oinarritzea hezkuntzaren zerbitzu publikoaren gainean, eta bai zaharkituta dauden premisa ideologikoen gainean? Gai hauen inguruan hezkuntza-eztabaida zaildu nahi ote dute? Hortik ote datorkie sexuen arabera bereizten, irabazi asmoa duten edo gizarte-haustura eragiten duten ikastetxeen artean gu ere sartzeko gogoa, nahiz eta ongi jakin kooperatiba asko aitzindari izan direla sexuen integrazioan, inklusibitatearen tratamenduan, gizarte-kohesioan? Eta espresuki Aguraingo Lautada Ikastola aipatzen dutenez, ba ote dakite sinatzaileek zein den herri hartan etorkin gehien eskolatzen dituen ikastetxea? Agian, ez dute adibide ona aukeratu.

Gure kooperatibei ere eragin diete, eta eragiten digute oraindik, ekonomiaren krisiak eta diru-laguntza publikoen murrizketak. Eta zoritxarrez gure familietan eta gure ingurunean ondo ezagutzen da langabeziaren errealitatea. Gure aldetik lanpostuak mantentzen ahalegindu gara, hori lortu dugu eta kooperatiba batzuetan lanpostu berriak sortzea ere lortu dugu. Eta hori egin dugu egoera honek gure gizarte-kohesioari eragin gabe.

Sinatzaileen iritziak gorabehera, irakaskuntzako kooperatibok geure nortasunaren oinarrian honelako balioak ditugu: erabakien kontrol demokratikoa bazkide eta langile guztien aldetik, gardentasuna, gizarte-erantzukizuna eta besteenganako kezka, berdintasuna, zuzentasuna eta elkartasuna, eta hori guztiori gizarte-osagai handiarekin: hori garbi erakusten dute ikastetxe bakoitzaren inguruko komunitatearekiko interesak eta konpromisoak, eta, hezkuntza-zerbitzu publiko gisa, komunitate horrekiko dugun inplikazioak.