«Lanbas» itzuli da
Bagenekien genero nahasketarako trebetasun paregabea duela Jon Alonsok, eta bere azken lana, “Hiri hondakin solidoak”, horren adibide bat gehiago da. Nobela beltzaren eta saiakeraren artean eroso mugitzen da bere lan berria. Genero horien zalea da idazlea, “Katebegi galdua”–n (Susa, 1995), neurri batean bederen, “Camembert helburu”–n (Susa, 1998) zein pertsonaia nagusiaren aldetik “Hiri hondakin solidoak”–en aurrekari den “Zintzoen saldoan”–en (Txalaparta, 2012) formula berari jarraitu baitzion. Eta aurreko lan horietan bezala, euskal etiketari lotutako mundua da gertakarien ardatz edo, hobeto esanda, gertakaria bera eta, ondorioz, kritikaren jomuga. Alonsoren lanek hori baitute: kritika barra-barra. Kasu honetan, egilearen beraren hitzetan, «euskal kultur sistemaren eta, bereziki, euskararen gehiegizko arautze eta formalismoa»–ren kontrako “alegatua” azaltzen zaigu surrealistak bezain paregabeak diren pasartez beteriko nobelan. Gogokoenak: Azkue, Krutwig, Mitxelena..., hots, hizkuntzalaritzako izen handien figuranteena Bilboko Plaza Barrian. Halako egoera baten aukerak paradisua iradokiko die ziur aski euskal establishmentekoei. Alonsori, aldiz, amesgaizto ikaragarriak. Baina amesgaizto horiek badute alderdi on bat: Enekoitz Ramirez Lanbas bezalako pertsonaiaren aukera posible egin dute.
Esan bezala, “Zintzoen saldoa”–n agertu zen estreinakoz Lanbas bere lotsagabetasuna (bere kasuan, inolako lotsarik gabe jardutea ezaugarri ona da) lau haizetara zabaltzen, goi mailako sukaldaritzarekin lotutako kasu baten harira. Saiatu naiz ingelesezko “unapologetic”-en euskarazko sinonimoa aurkitzen, horixe iruditzen baitzait Lanbas–en jarrera ondoen deskribatzen duen hitza, baina ezin. Halakoa baita detektibe lanetan sartutako “ohi” amaieradun jardueren (aktibista-ohia, preso-ohia...) bildumatzaile den Lanbas: inoiz barkamenik eman gabe aritzen dena, barkamenik eman beharrik sentitzen ez duelako. Jarrera horri esker pentsatzen duena filtrorik gabe esaten du. Mingarriak egingo zaizkio bat baino gehiagori gure euskal mundu preziatuaz esaten dituenak, baina egia borobilak izan badira. Ahoan bilorik gabe hitz egite horrek zaleak irabazarazi dio. Zer esan dezaket? Bere lotsagabetasuna kutsagarria bada, eta norberaren pentsamendu ilunak kontuan hartuta halako lasaitasun sentsazioa ematen du. Pentsamendu ilun horiek komunak eta partekatuak izan ez ezik, norbaitek askozaz perbertsoagoak diren ideiak dituela jakitetik sortzen den lasaitasun sentsazioa, alegia. Lanbas–en ahotan, baina, ez dute perbertso itxurarik. Are gehiago, erabat normalak dirudite eta barrez lehertzekoak.
Oraingoan, Bilbon Euskaltzaindian jasotako mehatxuen jatorria ikertzen hasi eta Bartzelonara joko du, edukiontzi batean agertutako euskaltzain osoaren hilketaren atzean nor dagoen argitzeko. Zeinek esango zuen euskalgintzaren ingurukoek suspensezko nobela baterako eman zezaketenik? Bada eman ematen dute, ederki eman gainera. Lanbas–en mundu-ikuskeraren berri ez duten neofitoei akaso gogorra egingo zaie liburuari heltzea nobela beltz arrunta bailitzan. Irakurketa tempus jakin bat eskatzen du lanak, metagogoeta handia baitago bertan eta erreferentziak ere, literarioak zein bestelakoak, ugariak dira.
Marshall Bermanek Manifestu komunistatik hartutako esaldia aipatzen duen pasartearekin amaitzen da “Hiri hondakin solidoak” (liburuaren izenburuari lotuta ere badagoena): «solidoa den oro desegiten da».
Iraunkorra izatearen itxura duenak (Marxentzat kapitalismoa) desagertzera kondenatuta dago. Hala gertatuko da hainbat erakunderekin, noizbait. Bitartean, Lanbas–ek ez du airean desagertzeko itxurarik.