13 NOV. 2015 «Adarretatik zintzilik», belaunaldi baten kronika Beran estreinatuko da gaur Galder Perez eta Ane Zabalaren azken antzezlana. «Adarretatik zintzilik» 40 urte bete dituzten bi protagonisten bizi osoko ibilbidea da, jaiotzatik hasi eta heriotzaraino. Bide horretan, belaunaldi oso baten kronika dago atzean. Ariane KAMIO DONOSTIA Aspaldi zeukaten buruan Galder Perezek eta Ane Zabalak beraien ibilbideari buruz zerbait egiteko ideia. Txikitatik ezagutzen dute elkar, hiru urte zituztenetik, eta ordu mordoa eman izan dute denbora horretan guztian. “Urak bizi dire” lana izan zen lehenengo aldia obra bera beraien eskuetatik ateratzen ez zena, eta beharrak edo gogoak bultzatuta, bi aktore eta sortzaileek beraien bizipen propioa oinarri duen obra eraiki zuten, 40 urteko langa gainditu dutenen belaunaldian oinarritutakoa. Emaitza “Adarretatik zintzilik” lana da, gaur gauean (22.00) Beran estreinatuko dena. Jaiotza, haurtzaroa, gaztaroa eta heriotza bera ere aztergai ditu obrak, eta kontakizunerako bizipen propioak oinarri izan badituzte ere, fikziorako tartea hartu dute, baita «ingurukoei lapurtutako ideiak» txertatzekoa ere. «Belaunaldi baten kronika da», dio Zabalak. Ziria 1975ean edo buelta horretan jaiotako belaunaldia da azken batean antzezlaneko oinarria, Franco hil ondoren jaio berri zirenena. «Hezi gintuzten dena eskura izango genuen belaunaldia bezala. Lizentziatu, diplomatu, masterra eta hau eta beste, eta izango ginen kapitalismoko izaki perfektuak», gaineratu du. Baina ez da horrela izan. «Gure gurasoei ziria sartu bazieten, guri ere sartu ziguten eta orain ohartzen ari gara horren larritasunaz», ohartarazi du. Eta hortik lanaren izenburua. «Ziria sartu ostean konturatzen gara ez gaudela lurra zapaltzen, beste planeta batean gabiltzala, ez baititugu betetzen iristen zaizkigun agindu horiek. Ez daukagu seme-alabarik, ez hipotekarik, ez auto propiorik... Geure burua adarretatik zintzilik ibiliko bagina bezala sentitzen dugu», azaldu du. Antzezlana bi formatu desberdinetan aurkeztuko da, taberna eta areto txikietarako eta antzokietarako. Hurrengo hitzorduak Ugao (azaroak 20), Gasteiz (azaroak 24) eta Lesaka (abenduak 4).