GARA
HONDARRIBIA

Tomas Elgorriaga Estatu frantsesaren eskuetan utzi du Alemaniak

Alemaniako Justiziak Tomas Elgorriaga hondarribiarra Estatu frantsesaren eskuetan uztea erabaki zuen atzo, Bidasoaldeko herriko Sortuk zabaldu zuenez. Gauzak horrela, Alemaniatik Estatu frantseserako bidean zen atzo.

Azaroaren 1ean atxilotu zuen Tomas Elgorriaga Alemaniako Poliziak. Bizitza publikoa egiten zuen eta Friburgo Unibertsitatean egiten zuen lan. Mannheimeko kartzelan espetxeratu zuten eta bertan izan dute Estatu frantsesak aurkeztu zuen estradizio eskaera ebatzi bitartean.

Ez da Tomas Elgorriaga atxilotu eta kartzelatu duten aurreneko aldia. 1998an Guardia Zibilak atxilotu zuen eta tortura latzak jasan behar izan zituela salatu zuen. Espetxean zazpi hilabete eman ondoren ihesari eman behar izan zion.

Bagoaz Ipar Euskal Herrian

“Mugi daitezen harriak!” lelopean urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan eginen diren manifestazioei begiera lehen informazio hitzordeak ezagutera eman dira Ipar Euskal Herrian. Sare eta Bagoaz herri mugimenduak preso eta iheslarien eskubideen errespetuaren alde egiten ari diren kanpainaren baitan kokatzen dira. Abenduaren 1etik 29ra eginen ditu bilkurak Bagoaz kolektiboak.

Hitzordu horien helburua 2016ko lehen egunetan eginen den mobilizazioa «lokalki landua» izatea da. Christiane Taubira Estatu frantseseko Justizia ministroak presoen hurbilketei buruz egin adierazpenen ondoren manifestazio jendetsu bat antolatu nahi du kolektibo honek.

Bestalde, euskal presoen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo herri eta auzo hauetan: Gernika (38), Ondarroa (45), Bermeo (22), Iurreta (32), Zaldibar (18), Euba (7), Zaldibia (19), Astrabudua (17), Orereta (80, Parisen euskal presoen kontra egiten arin den epaiketa salatzeko. Autobusa antolatu dute Parisera joateko eta abenduaren 2rako izena eman behar da Landaren), Altza (25), Ataun (24), Astigarraga (20), Iruñea (83, PPko egoitzaren aurrean epaiketa politikoak salatzeko), Laudio (43) eta Otxarkoaga (18).