19 NOV. 2015 GAITASUN HANDIKO IKASLEEI BURUZKO JARDUNALDIA Bost urteko zientzialariak, esperientzia berrien adibide Valladolideko ikastetxe batean zientzialari bilakatu ziren 5 urteko haurrak. Tresna gutti batzuekin ikasgelan laborategia eraiki eta esperimentuak egin zituzten, amets hori zuen gaitasun handiko kideak gidatuta. Mahaira iristeko aulkien gainean jarrita, mundu errealerako gauza errealak egin zituzten, Alcagik antolatutako jardunaldian kontatu zutenez. Última actualización: 19 NOV. 2015 - 10:39h Maider IANTZI Marcela Palazuelo Valladolideko Unibertsitateko irakasleak, Gaztela eta Leongo ikastetxeetan orientatzaile gisa ibilbide oparoa egin duenak, zientzialari txikien esperientzia kontatu zuen Alcagik antolatutako jardunaldian, gaitasun handiko ikasleekin egiten ari diren lanaren adierazgarri. Maitasunez mintzatu zen Margarita Salas zientzialariaren bisitak amets hori piztu eta klasekideak abentura horretan gidatu zituen 5 urteko neskatoaz. Esperimentuen argazkiak erakusten zituela, «begira, begira neskatxaren aurpegia, ze pozik dagoen», erraten zien atzo Donostiako Andia kaleko Kutxa Aretoan entzule zituenei, gehienbat hezkuntzako profesionalak eta ikastetxeetako irakasle, orientatzaile eta zuzendari taldeko kideak. Bukaerako mahai-inguruan haietako batek azaldu zuen aunitz gustatu zitzaiola neskatoaz solastatzean sumatzen zitzaion maitasuna. Azpimarratu zuenez, hagitz abiapuntu ona da hori haurrak hezteko, tartean sarri behar duten arreta jaso gabe gelditzen diren gaitasun handiko neska-mutikoak. «Ume bakoitzak badaki ze leku betetzen duen ikastetxean. Batzuetan erraz jartzen zaizkie etiketak eta ez bereziki maitasunez». Ideia honi tiraka, ikasteko era, gaitasun eta motibazio desberdina duten ikasle hauek entzunak eta ulertuak sentitzeko duten premia nabarmendu zuen Palazuelok. «Ez gaitezen behin ere afektibitateaz ahantzi, etengabe behar baitute». Lehen Hezkuntzan eta DBHn ere esperientzia berritzaileak jarri dituzte martxan Gaztela eta Leon aldean. 12 urte arteko ikasleek “Valladolid hiri olinpikoa” proiektua gauzatu zuten, adituen batzorde batek Olinpiar Jokoetarako hiri bat aukeratzeko eginen lukeenaren antzeko lana eginez: instalazioak aztertu zituzten, komunikazioak eta lo-lekuak, aurrekontua osatu zuten, ekitaldiak diseinatu... Azkenik, Udalari aurkeztu zioten txosten mardula, ondorio batekin: «Hau amets bat da, baina saiatuz gero, egia bihur litezke ametsak». 12-16 urteko ikasleak, aldiz, Marie Curieren bizian barneratu ziren beren egitasmoan eta kimikako laborategian lurrinak sortu zituzten. Nor oroitzen da ahateaz? Eskolaz kanpo, Siko programa sortu dute Valladoliden adimena, sormena, baikortasuna eta balio gehiago lantzeko. Ahatea hartu dute sinbolotzat, hiru eremu –airea, ura eta lurra– menderatu arren, ahaztu samar duguna. Aurten arte garaikidearen museo batean biltzen dira bi larunbatetik behin eta haurren eta bertako langileen eta hurbiltzen diren argazkilarien artean harreman polita sortu da. Sylvia Sastre i Riba Errioxako Unibertsitatean Bilakaeraren Psikologian katedraduna eta Cristina Lopez Asturiasko Gaitasun Handien Unitatearen arduraduna ere mintzatu ziren. Lehenak sentsibilizazioak duen garrantzia agertu zuen. Lopez bat etorri zen berekin eta aurrera goazela gehitu zuen, ez hainbertze beretzat gakoa den sentsibilizazioan, baina bai arreta espezifikoa behar duten haurrak daudela onartzean.