23 NOV. 2015 Surfa Hasi da itsaskien sasoia Hawaiin: Txapelketa ospetsuak abian dira Neguko itsaskiekin batera munduko txapelketa ospetsuenetakoak ere egiten dira Hawaiin. Triple Crown itzulia abian da eta Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa mitikoa ere prest da. Sasoi honetan, urtero bezala, Hawaii surfaren hiriburua da. Última actualización: 23 NOV. 2015 - 06:36h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Hasi da negua Hawaiin eta itsaski sendoen sasoia indarrean da. Ozeano Baretik kostaldera hurbiltzen diren uhin lerroekin batera, mundu osoko surflari onenak ere gerturatzen dira Oahuko irlara, izan ere, ospe handiko txapelketen garaia ere bada. Batetik, ospe handia duen olatu handietako txapelketa, Eddie Aikau hawaiiarraren omenez egiten dena; eta bestetik, Triple Crown zirkuitua dago, goi mailako hiru txapelketek osatzen duten itzuli mitikoa. Waimeako txapelketa Aurtengo Quiksilver in Memory of Eddie Aikau txapelketarako 28 gonbidatuen zerrenda argitaratu dute antolatzaileek, eta beraz, parte-hartzaileek prest egon beharko dute datozen hiru hilabeteetan itsaski indartsu bat sartzen bada Waimean itsasoratzeko. Itxaronaldi epea abenduaren 1ean hasi eta 2016ko otsailaren 29ra luzatuko da. Hala ere, ez da batere erraza izaten txapelketa egin ahal izateko gutxieneko itsaski bat izatea, baldintzak oso zorrotzak baitira. Hori agerian geratzen da txapelketa hau zenbatetan egin ahal izan den ikusita, zeren 1984. urteaz geroztik, orain artean soilik zortzi bider egin ahal izan da lehiaketa ospetsua. Txapelketa hau egin zuten azken aldia orain sei urte izan zen eta Greg Long olatu handietako surflari ezagunak irabazi zuen. Txapelketa egin ahal izateko gutxieneko itsaskiak olatu oso handiak behar ditu; izan ere, antolatzaileen esanetan, olatuek gutxienez 20 oin hawaiiarreko altuera izan behar dute. Horrek esan nahi du gainerako herrialdeetan 40 oineko altuera izango luketen olatuen antzekoak izan behar dutela, zeren hawaiiarrek olatuen altuera gibeletik neurtzen dute. Neurkera europarraren arabera, 12 metroko olatuak lirateke. Txapelketa egun batean egiten da osorik. Erritualez jositako sarrera ekitaldi batek eman ohi dio hasiera eta soilik gonbidatutako surflariek har dezakete parte txapelketan. 28 gonbidatu eta 24 ordezko izaten dira. Horiez gain, hilda dauden beste zortzi surflari ere aipatzen dira ohorezko gonbidatu gisa, aparteko zerrenda batean. Orain arte txapelketa honetan parte hartu duen europar bakarra Ibon Amatriain hernaniarra izan da. 2007 eta 2008. urteetan gonbidatua izan zen, baina urte horietan ez zen txapelketa egin, ez baitzen gutxieneko baldintzarik izan. 2009an, ordea, berriz ere gonbidatua izan zen eta parte hartu ahal izan zuen, lehiaketa egin ahal izan baitzen. Txapelketaren irekiera zeremonia abenduaren 3an izango da, arratsaldeko hiruretan, Waimeako badian. “The Big Waves Riders of Hawaii” izeneko argazki erakusketa bat ere izango da eta bertan Bernard Testemalek egindako surflari hawaiiarren argazki bilduma izango da ikusgai. Eddi Aikau gogoan Txapelketa hau olatu handietako txapelketen artean dagoen ospetsuena da. Esanahi eta izaera berezia duen txapelketa bat da, berau egiten den lekuarengatik eta duen historiagatik. “Hokule’a” izeneko ontzi baten erreplika batekin itsasoratu ostean itsasoan desagertu zen Eddie Aikau surflari mitikoaren omenez egiten dute txapelketa, baina batez ere Aikauk ordezkatzen zuen itsasgizonaren irudia eta ozeanoarekiko maitasuna goratzen dituzte. Eddie Aikau Waimeako lehen soroslea izan zen. Inork baino hobeto ezagutzen zuen urautsi beldurgarria eta bertako olatu erraldoietan maisutasunez egiten zuen surf, baina horrez gain, bada hawaiiarrentzat Aikau eredu izateko beste arrazoi bat, Eddie aktibista politikoa zen. Hawaiiar kultura berreskuratu beharreko ondare gisa zuen eta, zentzu horretan, ekimen ugaritan parte hartu zuen. Antzina Polinesiako biztanleek Hawaiiko irletara joateko egin zuten ibilbidea berreskuratu nahian espedizio bat antolatu zuten 1978an. Hawaiitik abiatu eta Tahitiko irletara iristea zuen helburu bidaiak eta bidaia hartako partaideetako bat izateko hautatua izan zen Eddie. Antzinako itsasgizonek bezala, hokule’a bat eraiki zuten, 18 metroko luzera zuen kanoa edo katamaran antzeko bat. Itsaso zabalean zirela, ordea, ez zuten eguraldia lagun izan. Gaua heltzean, itsasoa gero eta zakarragoa zen eta olatu handiek urez betetzen zuten kanoaren barnealdea. Eddiek eta bidaideek ahal zuten guztia egin zuten kanoa ur azalean mantentzeko, baina azkenean irauli egin zen. Zer egin ez zekitela, Eddiek bere burua eskaini zuen laguntza bila joateko, Molokaiko irla oso urrun ez zegoelakoan. Kanoaren hondakinetan geratu zirenek laguntza jaso zuten, Eddiek helburua lortu zuela pentsatuta, baina ez zen horrela izan, laguntza bestela jaso zuten, inork abisurik eman gabe. Eddie bidean desagertu zen. Triple Crown 2015 Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Oahu uharteko iparraldean aurkitzen da munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua. Kilometro oso gutxian surf egiteko leku bikain ugari biltzen dituen eremua North Shore izenarekin bataiatu zuten surflariek. Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek QS kategoria dute, eta azkena, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, CT zirkuituko azkeneko proba da, baina hiru txapelketak 10.000 puntukoak dira. Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, garrantzi handia du, noski. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handikoa den Triple Crown koroa. Koroa hirukoitzak irabazteak ematen duen prestigioagatik zein txapelketa hauek duten garrantziagatik munduko lehiakide onenek hartzen dute parte 1983. urtetik egiten den itzuli honetan. QS mailan lehian ari diren surflariak eta CT mailan ari diren lehiakide asko ere elkarrekin lehian izaten dira. Batzuek datorren urtean lehen mailan egoteko urtea amaitu aitzin ahalik eta puntu gehien bildu nahi dutelako, eta besteak, lehen mailan jarraitzeko behar adina puntu ziurtatzearren. Hortaz, Haleiwan eta Sunseten, QS mailan dauden lehiakideek zein CT-ko 34 surflariek har dezakete parte, baina itzuliko azken proban, alegia Pipelinen, soilik lehen mailako lehiakideek (TOP 34) eta Wildcard gonbidatuek (gehienez lau gonbidatu) lehiatu daitezke. Gauzak honela, gaur bertan amaituko da Haleiwako txapelketa eta Triple Crown itzuliko lehen txapelketa nork irabazi duen jakin ahal izango da. Bigarren txapelketa berriz, bihar hasiko da Sunseten eta abenduaren 6a bitartean luza daiteke. Bestalde, kontuan izan behar da azken txapelketa, abenduaren 8a eta 20a bitartean Pipelineko urautsian egingo dena, aurtengo txapelketa garrantzitsuena izango dela, zeren bertan erabakiko da 2015eko titulu mundiala nork eskuratzen duen. Aurtengoan bereziki hunkigarria izan daiteke itzuliko azken txapelketa; izan ere, bost dira mundu titulua eskura dezaketen lehiakideak: Mick Fanning, Filipe Toledo, Adriano de Souza, Gabriel Medina eta Owen Wright. WAIMEARAKO PREST Quiksilver in Memory of Eddie Aikau lehiaketako 28 gonbidatuen zerrenda argitaratu dute. Dena prest dago olatu handien txapelketa egiteko, itsaski handi bat sartzea bakarrik falta da. TRIPLE CROWN Koroa hirukoitza irabazteak ematen duen prestigioagatik zein txapelketa hauek duten garrantziagatik munduko lehiakide onenek hartzen dute parte Triple Crown zirkuituko lehiaketetan. IKUSMIN HANDIA Aurtengo txapelketa garrantzitsuena Pipelinekoa izango da, bertan erabakiko da 2015eko titulu mundiala. Bost lehiakideek eskura dezakete titulua eta sekulako ikusmina dago.