Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Mingma Gyalje xerpakChobutse bakarka eskalatu du

29 urteko nepaldarrak igo gabe zegoen sei milakoaren mendebal aurpegia eskalatu du. Mendi gidariak, egun bateko jardueran, «DorjeeSherpa» bidea sortu zuen. Eguraldiaren baldintzengatik jaitsiera erabat gogortu zen: bi bibak egin eta izozteak jasan zituen.

Chobutse mendia (6.685 m) Nepalgo Rolwaling haranean dago, eta bere mendebal aurpegia orain dela gutxira arte igo gabe zegoen. Eta hori diogu, joan den urriaren amaieran Mingma Gyalje xerpak lehen aldiz igo zuelako. Gainera, bakarka eta estilo alpinoan.

Protagonista honek 29 urte ditu, eta mendi gidaria da. Gaztea izanik, eskarmentu handia du; bederen, argi erakutsi du zortzi milakoetan ondo baino hobeto moldatzen dela: Everest (lau aldiz; guztiak ala guztiak oxigenoarekin), Manaslu, Cho Oyu, K2 eta Annapurna igo ditu.

Baina, esan dugun bezala, bere azken jarduera adierazgarriena Chobutseko mendebal aurpegia izan da. 29 urteko alpinistak adierazi du xede horretan murgildu aurretik, hiru urte aztertzen eman zituela: «Iaz, saio bat egitea otu zitzaidan. Gainera, nire asmoa ez zen hura igotzeko baimen ofizial bat eskatzea; izan ere, etxeko mendia da. Baina eguraldia aldatu egin zen, eta helburua bertan behera utzi nuen. Chobutse etxetik oso gertu dut, egunero mendi hori ikusten hazi nintzen. Egun ez naiz han bizi, baina etxera itzultzen naizenean oso gertu eta erakargarria ikusten dut. Chobutsek oso eskalada gutxi izan ditu, eta bere mendebal aurpegia igo gabe zegoen».

Urriaren 12an, azkenik, sei milakoa igotzeko baimen ofiziala jaso zuen. Eta hiru egun beranduago kanpaleku nagusira begira jarri zen. Hurbilketa bidea egiten ari zela, Parchamo mendia (6.187 m) igo zuen; betiere, girora egokitu ahal izateko.

Urriaren 27an, berriz, hiru kiderekin batera kanpaleku nagusira abiatu zen. Lagun horien lana eskaladaren argazkiak eta bideoak egitea zen. Baina, zoritxarrez, mendiaren garaieragatik lan hori ezin izan zuten egin.

Chobutseko mendebal aurpegia eskalatzeko eguna iritsi zen: «Ilargi betearekin eskalatu nahi nuen, baina nire herriko aitona batek aholkatu zidan biharamunean saiatzeko gau hori “argiagoa” delako. 28ko gaua oso garbia zen. Lehen urratsak goizeko lauretan egin nituen. Sasoiko nengoenez, egun bateko eskalada iragarri nuen».

Arazoak jaitsieran

Kosta egin zitzaion elurrezko lehen aldatsetara iristeko bide egoki bat aurkitzea. Ordu eta erdiko ibilbidea egin eta gero, malda horietara heldu zen: «Lehen zatian, arrokazko sekzio batean sartu nintzen; errazagoa zen. Baina eskalada gogortzen hasi zen. Aldatsak tenteak ziren, eta atseden hartzeko lekurik ez zegoen. Izotzaren gainetik elur pixka bat zegoen. Pioletek lan ona egiten zuten; ez, ordea, kranpoiek. Argi dut inoiz eskalatu dudan mendirik zailena dela. Ezin nuen akatsik egin. Gainera, beldur pixka bat sentitzen hasi nintzen».

Mendi gidariak lan eskerga egin behar izan zuen: «Bi atseden une soilik hartu nituen. Horretarako, izotzean erlaitz txiki batzuk egin behar izan nituen. 13 orduko eskaladaren ondoren, gailurreriara iritsi nintzen. Ez zen batere erraza, eta, gainera, oso luzea zen. Oso gertu nuen, baina elur sakona aurretik nuen eta oso nekatuta nengoen. Azkenean, gailurra zanpatu nuen».

Tontorrean zela, eguraldia okertu eta elur ekaitz batek harrapatu zuen. Mingmak aitortu duenez, jaitsiera gogorra izan zen oso: «Hego-ekialdeko ertzetik jaitsi nahi nuen; azkar eta erraz. Baina ekaitzak harrapatu ninduen, eta ez nuen ezer ikusten. Elurrean zulo bat egin eta gaua han igaro nuen. Biharamunean, eguraldiak ez zuen hobera egin eta erreskatea eskatu nuen; baina baldintzengatik helikopteroak ezin zuen irten. Goizeko hamaiketan, berriz, eguzkia atera zen. Jaisten hasi nintzen, baina beste ekaitz bat azaldu eta berriro bibaka egin behar izan nuen. Goizeko hiruretan berriro martxan nintzen, eta zortzietan helikoptero batek erreskatatu ninduen. Izozketa batzuk jasan nituen, eta uste dut akats larriak egin nituela».